Lapurreta izan zen Aralar tabernan, ostegunetik ostiralerako gauean

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 8a, 00:00

Argindar-mozketa izan zen joan den astean, Kaxkoan. Egoera aprobetxatuta, lapurrak balkoitik sartu eta dirua eraman zuten.

Joan den asteartean, Udalak jakitera eman zuen argindar-mozketa izango zela Kaxkoan, maiatzaren 5etik 6rako gauean. Iberdrolak Plaza Berrin dagoen transformazio zentroko zeldak aldatu behar zituen, eta, horregatik, gaueko 00:00etatik goizaldeko 06:00etara ez zen argindarrik izan zonalde osoan.

Egoera aprobetxatuta, lapurrak sartu ziren Aralar tabernan. «Alarmarik ez zegoela bazekitenez, balkoitik sartu ziren lapurrak», kontatu dute tabernakoek. «Ondo asko zekiten egoera zein izango zen, eta, hori jakinda, lasai ibili ziren tabernan, etxean egongo balira bezala. Egunean bildutako diru-kaxako dirua, loteriakoa eta beste txokoren batekoa ere eraman zuten», salatu dute. Hurrengo goizean izan zuten lapurretaren berri, taberna irekitzera joan zirenean: «udaltzainei deitu genien eta, gero, ertzainak etorri ziren tabernara». Salaketa jarri zuten ertzain-etxean, baina bestelako daturik ez dutela jakinarazi dute Aralarrekoek.

 

Bestelako lapurretarik ez zen izan, osteguneko gauean

Antza denez, lapurreta soilik Aralarren izan zen. Izan ere, Kaxkoko gainerako tabernetan eta komertzioetan horrelakorik gertatu ote zen galdetu du Kronikak, baina, gau hartan behintzat, ez zen bestelako ezusterik egon herrian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!