Oxan txapeldun, ostiralean, Tabernetako Bertso Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 8a, 00:00

Oxan txapeldun, aurtengo Tabernetako Bertso Txapelketan.

Bertso onenaren saria Haritz Otxotorenak jaso zuen eta bertsoaldi onenarena, berriz, Asierrek, Aiertek eta Peruk.

Urteroko zitari eutsiz, ostiralean ospatu zen Tabernetako Bertso Txapelketa. Denera, 13 bertsolari aritu ziren bertsotan, eta giro ederra izan zen saioan. Guztien artean, Oxan izan zen garaile, eta berak jantzi zuen aurtengo txapela. Bigarren postua, berriz, Andoni Rekondok lortu zuen. Bikain aritu zen bera ere, eta maila bikaina erakutsi zuen joan den edizioko txapeldunak.

Txapelketa honetan, gainera, badu eskarmentua aurtengo irabazleak. Izan ere, aurtengoarekin, hiru txapela jantzi ditu hernaniarrak. «Pozik» agertu zen makina bat arrazoirengatik: «hirugarren txapelagatik, beteranoak hor jarraitzen dugulako gazteen aurrean lehian, eta lehenengo txapelketa egin zenetik, 1995eko urtarrilaren 19tik, 27 urte eta piko pasatu diren arren, Tabernetako Bertso Txapelketa bizirik delako, ez duelako interesik galdu eta ondo pasatzeko gogoa duen jende pila elkartzen duelako...», kontatu dio Kronikari. «Eskerrik asko, beraz, Iraulio Panttalone bertso eskolari antolaketa bikainagatik, eta baita saioan parte hartu zutenei eta Garinera hurbildu ziren ikusle guztiei ere. Estimatzen dira euren txalo, berotasun eta animoa».

Irabazlearen sariaz gain, beste hainbat saritu ere izan ziren txapelketan. Hain zuzen ere, Bertsoaldi onenaren saria donostiarrek jaso zuten: Asierrek, Aiertek eta Peruk. Bertso onena, berriz, Haritz Otxotorenarena izan zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!