Maialen Lujanbio eta Unai Agirre arituko dira bertsotan, anfibio eta narrastien bueltan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 8a, 00:00

'Biodibertsoa' saioa izango da Ekogunean, maiatzaren 14an. Anfibio eta narrastien bila aterako dira, zientzia eta bertsolaritza uztartuta. Izenematea bihar irekiko da.

Biodibertsoa. Miztoak dantzan! izenburupean, natura eta bertsoa uztartuko dira datorren larunbatean, hilaren 14an, Ekogunean. Aranzadi Zientzia elkarteak antolatuta, Udalaren laguntzarekin, partehartzaileak anfibio eta narrastien bila aterako dira, eta haien neurrira arituko dira kantuan. Hain zuzen ere, Maialen Lujanbiok eta Unai Agirrek jarriko dute doinua eta Aranzadik, berriz, hizketarako gaia. Izan ere, bertsolariez gain, izango dira Aranzadiko Iñaki Sanz-Azkue, Egoitz Alkorta eta Ander Izagirre.

Ekitaldia goizeko 10:00etan hasiko da, eta, gehienez, 60 lagunek parte hartu ahal izango dute. Bihar irekiko da izena emateko epea, Bibe.me estekan. Plazak segituan betetzen dira, beraz, interesa izanez gero, bixi ibiltzea gomendatzen da. Euria egingo balu, hori bai, ekimena maiatzaren 15era atzeratuko litzateke.

 

Natura eta bertsoak batean

Biodibertsoaren bigarren edizioa da aurtengoa. Iazkoa irailean izan zen, eta familia-giro bikaina izan zuten Ekoguneko zelaietan. Aranzadiko herpetologoak aritu ziren bertako anfibioak eta narrastiak bilatzen, eta bertsolariek animaliei buruzko bertsoak bota zituzten. Hala, aurkitutako faunari buruzko azalpen zientifikoak eman ziren, eta azalpenei bertsoa jarri zieten Lujanbiok eta Agirrek. Ziraunak, sugegorriak, muskerrak, txantxikuak... Tamaina eta forma askotariko animaliak azaldu ziren ibilbide gidatuan bertan, eta, horrekin, Aranzadi elkartekoen esanetan, frogatu zen «esperimentuak merezi izan zuela».

Hori horrela, bertaratzeko interesa dutenek, bihartik dute egitasmoan izena emateko aukera. Ibilbide gidatua izango da, eta antolatzaileek ziurtatu dute aurten ere bikaina izango dela ekintza: «ezkata eta errima artean, miztoak dantzan jarriko ditugu!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!