Erremontea itzuli da larunbatetan eta etzi ordubete aurreratuko da jaialdia

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 7a, 00:00

Oier Apezetxeak partidu guztiak irabazi ditu.

Jaialdiak Galarretara itzuliko dira larunbatero, gaurtik aurrera, hiru partidurekin.

Erremonte jaialdiak larunbatero itzuliko dira Galarretan, gaurtik aurrera. 16:30etan hasiko dira jaialdiak eta hiru partidu iragarriko dituzte larunbatero. Larunbatetako itzulera honetan, lehenengo jaialdian, estelar interesgarria iragarri da. 

Ansa II eta Larrañagak, Ezkurra II.a eta Juanenearen aurka jokatuko dute. Gipuzkoarren eta nafarren arteko partidua izango da eta oso parekatua izatea espero da. Estelarra 40 tantora jokatuko da eta lehendabiziko partidua eta hirugarrena 35 tantora. 

Lehendabiziko partiduan Etxarri eta Odeik, Urrutia II.a eta Martirenaren kontra ariko dira eta jaialdia itxiko du, Goikoetxea V-Apezetxea, Loitegi-Labaka partiduak. Gogoa dago Apezetxea goizuetarra berriz ere ikusteko. Berria txapelketan estreinatu zen eta partidu guztiak irabazi zituen eta oraindik ez du porrota ezagutzen profesional mailan.

 

Sagardoaren Txapelketa 18:00etara aurreratu da

Astelehenero Sagardoaren Txapelketak jarraituko du, ekainera luzatuta, Erremontari saioaren barruan. Partiduak 22:30etan eskaintzen diren arren ETB1en, partiduak arratsaldean zehar jokatzen dira Galarretan. Hernaniarrak gonbidatuak daude jaialdira eta ordu aldaketa izango da etziko jaialdian. Orain arte 19:00etan hasten zen, eta etzitik ordubete aurreratu eta 18:00etan hasiko da txapelketako lehenengo partidua eta jarraian jokatuko da, 19:15ak aldera, bigarrena.

Oraindik ez dira iragarri hirugarren jardunaldiko bi partiduak, baina bigarren partiduak jokatuko dituzte bikote gehienek. Hirugarren partidua jokatuko duenik ere egongo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!