Hernaniko hiru jokalari txapeldun izan dira Euskadirekin, Toulonen

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 7a, 00:00

Euskadiko selekzioa, Toulonen, Hernaniko hiru jokalari tartean direla.

Zazpiko errugbiko torneoa irabazi dute Enara Arrutik, Aiora Hijarrubiak eta Leire Muñozek, Frantzian.

Zazpiko errugbiko torneo bat jokatu zuen Euskadiko selekzioak, aurreko asteburuan, Frantziako Toulon herrian. Eta emakumezkoen selekzioarekin aritu ziren Hernaniko hiru jokalari: Enara Arruti, Aiora Hijarrubia eta Leire Muñoz. Txapelketa ona jokatu bakarrik ez, txapeldun izan zen Euskadi, emakumezkoetan.

Bost partidu jokatu zituzten, eta denetan lortu zuten garaipena. Are gehiago, entsaio bakarra jaso zuen Euskadik, guztira. Etxeko taldea izan zuen aurrez aurre finalean, Toulon; eta 7-9 nagusitu zen. Euskadiko Federazioak nabarmendu du, punta-puntako taldea dela Toulon Frantziako errugbian, maila guztietan; eta horrek balio haundiagoa ematen dio Euskadiren garaipenari. Oso jokalari gazteekin aritu zen Euskadi, tartean 18 urtekoak; eta maila ezin hobea eman zuten. 

 

18 eta 16 urtez azpikoen selekzioak, Landaren gaur

Asteburu honetan, 16 eta 18 urtez azpikoen Euskadiko selekzioak izango dira protagonista, 15eko errugbian; eta Hernanin ariko dira, gainera. Gaur arratsaldean jokatuko dute partidu bana Landaren. Andorraren bisita jasoko dute bertan, eta bi selekzioak aurrez aurre ariko dira, bi kategorietan. 16 urtez azpikoek jokatuko dute aurrena, 16:30etan hasita; eta 18 urtez azpikoen txanda izango da ondoren, 18:00etan. Bi selekzioetan izango da Hernaniko jokalaririk ere, aurretik egin dituzten entrenamendu saioetan parte hartu baitute, Xabat Eizmendik eta Telmo Alberdik adibidez.

Datozen asteotan, berriz, Galiziara egingo du bidaia Euskadiko selekzioak, bertan jokatzeko. Eta ekainean, Hendaian jokatuko du hondartzako errugbiko txapelketa bat, gizonezkoetan zein emakumezkoetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!