Eskubaloiko ate irekien saioak astero, maiatzean eta ekainean

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 7a, 00:00

Atsegindegin bertan izan zen eskubaloia probatzeko aukera, duela bi aste ere.

Atsegindegin izango da probatzeko aukera gaur, 17:00etan hasita, 2009-2014 urteetan jaiotakoentzat.

Eskubaloia probatu nahi duenak, aukerarik ez du faltako, datozen asteotan. Izan ere, ate irekien makina bat saio antolatu ditu Hernaniko Eskubaloi Taldeak, maiatzerako eta ekainerako.

Gaur bertan, Atsegindegin egingo dute saio bat. Arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara ariko dira bertan, eta 2009-2014 urteen artean jaiotakoentzat izango dira. Jolas ezberdinak egingo dituzte, eta opariak ere izango dira. Gerturatu eta eskubaloia probatzera animatu dituzte gaztetxo guztiak.

Eta datozen asteotarako, ostiralero jarri dute hitzordua: kiroldegian egingo dituzte ate irekien saioak, maiatzean eta ekainean. Bi txandatan izango dira saio horiek. Aurrena, 2012-2013 urteen artean jaiotako haurrek izango dute aukera, arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara. Eta segidan, 2010-2011 urteetan jaiotakoentzat izango da saioa, 18:00etatik 19:00etara. Ordutegi horretan izango dira saioak, maiatzeko eta ekaineko ostiral guztietan, kiroldegiko pistan.

«Eskubaloia ezagutu eta probatu nahi duten neska-mutil guztiak gonbidatu nahi ditugu saio hauetara, eta kiroldegira hurbiltzera animatu daitezela», adierazi dute Hernaniko Eskubaloi Taldetik. 

Kopa eta Federazio Saria jokatzen, talde ugari

Lehiaketari dagokionez, partidu asko jokatuko dituzte bailarako taldeek, asteburu honetan. Gipuzkoako Kopako edo Federazio Sariko partiduak izango dituzte talde gehienek.

Hernaniko mutil seniorrek, esaterako, hirugarren jardunaldia dute Gipuzkoako Kopan, bigarren mailan; eta estreinako garaipena lortzen saiatuko dira, Egiaren kontra. Gaur arratsaldeko 16:00etan daukate hitzordua, Donostiako Egiako kiroldegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!