Maiatzeko emanaldietarako sarrerak eta gonbidapenak salgai eta eskuragarri jarri dituzte

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 6a, 00:00

Maite Larburuk musikaz beteko du, Chillida Leku, gaur.

Biteriko leihatilan eta online, 'kultura.hernani.eus' webgunean eskura daitezke. Gaur, Maite Larbururen emanaldia izango da Chillida Lekun. 

Ekintza mordoa aurkeztu ditu maiatzeko kultur agendak, eta sarrerak zein gonbidapenak salgai eta eskuragai daude dagoeneko. Biteriko leihatilan eta online, kultura.hernani.eus webgunean, eskura daitezke. 

Gaur, Maite Larbururen kontzertua izango da Chillida Lekun. Hernaniarrak bakarkako lehenengo diskoa aurkeztuko du: Krak. Lanak, besteak beste, Axut! antzerki kolektiboaren Amua antzezlanerako idatzitako musika biltzen du. Hitzei dagokienez, Harkaitz Canorenak, Raymond Carverren olerki bat eta Amua antzezlanaren gidoitik hartutako kantu bat ere badu. Arratsaldeko 20:00etan jarri dute ikuskizunerako hitzordua, eta, aurreratu dutenez, euria egingo balu edo lurra bustita egongo balitz, emanaldia museo barruan izango litzateke. Sarrera 19:30etan irekiko da, kontzertua hasi baino orduerdi lehenago. 

 

Antzerkia, zinea eta dantza, datozen asteetan 

Hilaren 11n, Anderea pelikula proiektatuko dute Biterin, arratsaldeko 19:00etan hasita. Doakoa da sarrera, baina beharrezkoa da aurretik gonbidapena eskuratzea. Larunbatean, berriz, maiatzaren 14an, 12:00etan, Tartalo, gaztaren sekretua antzezlana aurkeztuko du Logela multimediak. Etxeko txikienei zuzendutako saioa da, eta sarrerak salgai daude 3,5 euroan. 

Antzezlanekin jarraituta, maiatzaren 19an, 19:00etan, Geuretik Sortuak proiektuaren Harri minak obra aurkeztuko dute Bonbon Beltz eta Berritza taldeek. Sarrerak 5 euroan eskura daitezke, Biterin zein interneten. 

Hilabeteko azken larunbatean, hilaren 28an, Dantza Familian izango da Chillida Lekun. 5 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendutako ekintza da, eta izena eman behar da aurretik: izenaeman@dagaz.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!