Pentsio duinen alde firma bilketa, gaur

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 5a, 00:00

Goizeko 11:00etatik 13:00etara jarriko dute postua Urbieta kalean, azokako postuen aurretik. 

Pentsiodunen sinadura-bilketa egingo dute gaur. Urbieta kalean jarriko dute mahaia, azokako postuak hasi aurreko gunean, goizeko 11:00etatik 13:00etara. 

Jakitera eman dutenez, 2016ko irailean, 71.724 sinadura aurkeztu zituzten Euskal Legebiltzarrean, gutxieneko pentsioa 1080 eurokoa izateko eztabaida zezaten. Hala ere, azaldu dutenez, «urte hartan gobernuan zeuden taldeek, EAJ-PNVk eta PSE-EEk ez zuten kasurik egin». Hori horrela, diote, «Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak garrantzitsutzat jotzen du  eztabaida hori berriro ere berreskuratzea, pentsio duinak eduki ahal izateko».

Gaur goizean bilduko diren sinadurak Diputatuen Kongresuan aurkeztuko dituzte. «Eskatzen duguna da, pentsioei dagokionez, beharrezko legegintza-urratsak ematea: 2022rako eta hurrengo urteetarako pentsioen erosteko ahalmena bermatzea; pobrezia-atalasetik beherako pentsioak ez egotea, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala ezabatuz eta gutxieneko pentsioa handituz; eta pentsio publiko duin bidezkoak eta nahikoak eta Pentsio Sistemaren izaera publikoa bermatzea», aipatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!