Donostia Ereski Gregoriar Scholak liburu-diska kaleratu berri du

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 5a, 00:00

'Orixe-ren oparia: gregorianoa euskaraz' da lanaren izena, eta gaur aurkeztuko du Donostiako portuko San Pedro Apostoluaren kaperan.

Donosti Ereski Kultur Elkarteko Gregoriar Abesbatzak 50 urte daramatza musika gregorianoa osatzen duen kantu-multzo zabalaren hedapen-lanetan, beti ere, gaur egungo interpretazio-korronte berrienak erabiliz. Oraingo honetan, beste proiektu bat kaleratu du: Orixeren oparia: gregorianoa euskaraz. Orixek latinetik euskerara itzulitako gregoriar kantuak bildu eta balioan jarri ditu Ereskik. Gaur izango da proiektuaren aurkezpena, goizeko 11:00etan, Donostiako portuko San Pedro Apostuluaren kaperan. 

Aurkezpenean, hizlari gisa, honako hauexek izango dira: Idoia Noble (aurkezlea), Jokin Otamendi (abesbatzako zuzendaria), Luis Mari Aranalde (Orixe-ren iloba), Joxe Manuel Balerdi (taldeko aholkularia) eta Juanjo Iturrioz (proiektuaren koordinatzailea). 

Lanean, «garrantzi haundiko, baina baztertuta eta ahaztuta dauden bi kontzeptu» uztartu dituzte: batetik, gregoriar musika; eta, bestetik, gregoriarren guraso literarioetako bat, Orixe. Liburu-diska da, eta osatuta dago 100 piezatik gorako partitura-liburuarekin eta 50 abestirekin. 

Proiektuan, gainera, bi hernaniarrek hartu dute parte dute: Juanjo Iturriozek eta Paulo Agirrek. Hori horrela, Urumea bailarako herritarrei luzatu diete gonbitea Donostiara bertaratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!