Garraiolari bat hil zen atzo goizean Zikuñagan, kamioi batek harrapatuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 4a, 00:00

Zikuñaga Papeleraren atzeko bidean gertatu zen. Aparkatuta zegoen beste kamioi baten kontra jo zuen kamioiak, eta erdian harrapatu zuen gizona.

Garraiolari bat hil zen atzo goizean Hernanin, kamioi batek harrapatuta. Zikuñaga Papeleraren atzeko bidean gertatu zen ezbeharra, aparkalekuetan. Aparkatuta zegoen beste kamioi bat jo zuen kamioiak, oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik; eta erdian harrapatu zuen gizona. Antza denez, istripuaren unean, aparkatuta zegoen kamioiaren atzeko aldean ari zen hizketan, beste pertsona batekin. Bi kamioiek zeramakiten egurra, paper fabrikarako.

Istripua gertatu eta berehala salatu zuten ezbeharra zenbait elkartek, eragilek eta sindikatuk. LAB sindikatuak, zehazki, hauxe nabarmendu zuen atzo arratsaldean: «LABek ez du onartuko Osalanek eta inspekzioak Zikuñagakoa trafiko istripu bezala hartzea euren estatistikak leuntzeko». Ernaik, bere aldetik, salatu du «lan prekarietatea dela hiltzailea». Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak, berriz, argi utzi zuen bere mezua: «kapitalismoa hiltzailea».

 

Kontzentrazioa, gaur

Hernaniko Ezker Abertzaleak ere gertatutakoa salatu du eta, horren haritik, salaketa kontzentrazioa antolatu du gaurko. 18:30etan izango da, Zinkoenean. «Ez da zoria, prekarietatea da, istripu berri hau guztiz ekidin zitekeen», adierazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!