Hitzaldia, presoen gizartearatzeari buruz

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 3a, 00:00

Andikona Uriarte.

Parroki aretoan izango da, larunbatean, goizeko 10:30etan hasita. Andikona Uriarte eta Martin Iriberri izango dira hizlariak. 

Hitzaldia antolatu du Espetxe Pastoraltzak larunbat honetarako. Presoen birgizarteratzea: gizartearen erronka izenburupean, goizeko 10:30etan emango diote hasiera saioari, Parroki aretoan (Elkano kalea). Gaian adituak diren gonbidatuak bertaratuko dira hitzaldira: batetik, Andikona Uriarte Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide irakaslea eta Hurkoa Fundazioko zuzendaria; eta, bestetik, Martin Iriberri Donostiako espetxeko kapilaua eta Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundeko zuzendaria. 

 

«Itxaropenerako garaia»

«Zazpi hilabete bete dira Espainiako gobernuak espetxe-eskumenak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zituenetik», nabarmendu dute Espetxe Pastoraltzako kideek. Horregatik diote «itxaropenerako» garaiari ekin diogula, «eredu zigortzaile batetik birgizarteratzea helburu duen eredu batera igarotzeko bidean». 

Horrekin batera, diotenez, aurrerapausoak eman diren arren, «oraindik bide luzea dago egiteko». Hori horrela izanik, «gizarteak izan beharko lukeen jarreraz eta arduraz gogoeta egiteko asmoz», hitzaldia antolatu dute larunbaterako, eta bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!