Aldabe farmaziaren 10. urteurrenaren bueltan, ekintza solidarioa izango da

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 3a, 00:00

Giovana Bittante diseinatzailearen bitxiak jarri dituzte salgai Aldabe farmazian.

Calcuta Ondoan GKE diruz laguntzeko, salgai jarri dituzte Giovanna Bittanteren bitxiak. 

10 urte beteko ditu, ekainaren 4an, Aldabe farmaziak (Perkaiztegi kalea, 8. zenbakia). Ospakizuna hilabete barru izango da, baina, aurretik, ekintza solidarioa jarri dute martxan. Izan ere, farmaziakoen esanetan, «ospakizunaz gain, gure herria bultzatzeko beste zerbait ere proposatu nahi izan dugu». 

Zehazki, Giovanna Bittante diseinatzailearen bitxiak jarri dituzte salgai farmazian, eta irabazitako diruaren zati bat bideratuko dute Hernanin bertan dagoen Calcuta Ondoan Gobernuz Kanpoko Erakundera. Bittante euskalduna eta italiarra da, eta aurreratu dute bere produktuak «jasangarriak» direla. Aldabe farmaziakoek bere laguntza izan dute 10. urteurrenean ekintza solidario hori prestatzeko. 

 

Urteurrena, ekainaren 4an

Aldabe farmaziakoek aurreratu dute 10. urteurrenaren festa ekainaren 4an izango dela, eta egun horretarako hainbat ekintza antolatuko dituztela. Horren berri, hori bai, aurrerago emango dute. Momentuz, Bittanteren bitxiak salgai daude farmazian, eta, diseinatzailearen produktuez gain, ospakizunaren egunean Calcuta Ondoan GKEarenak ere eskuragarri jarriko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!