Ia 500 lagun elkartu ziren atzo Atsegindegin, Ramadanaren bukaerako festa ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 3a, 00:00

Ehunka musulman elkartu ziren atzo goizean Atsegindegin, Ramadanaren bukaerako festan.

Igandean bukatu zen musulmanen hilabete sakratua, eta aurreneko argi izpiekin elkartu ziren atzo goizean, Hernaniko eta inguruko musulmanak, elkarrekin kantatu eta errezatzeko, Imanak gidatuta.

Egun berezia izan zen atzokoa, musulmanentzat; eta modu berezian hasi zuten, Atsegindegin elkartuta: Ramadanaren bukaerako festa ospatu zuten bertan, goizean goiz. Izan ere, bezperan bukatu zen hilabete sakratua, maiatzaren 1ean.

Aurreneko argi izpiekin hasi ziren Atsegindegira gerturatzen, Hernaniko eta inguruko musulmanak; eta ia 500 lagun elkartu ziren bertan. Meskita bilakatu zuten Atsegindegi, eta bi eremu haundi osatu zituzten lurrean, alfonbrak elkartuta. Makina bat ilara osatu zituzten, elkarren ondoan jarrita, oinutsik: gizonezkoak aurreko eremuan jarri ziren, eta emakumezkoak atzeko eremuan. 

 

Kantuan aritu ziren aurrena, denbora luzez; eta 09:00ak aldera, elkarrekin errezatu zuten, Mekara begira, Imanak gidatuta. Ondoren, aurreneko aldiz jan eta edan zuten egun argiz, hilabete sakratuaren ondoren. Bakoitzak eramandakoa konpartituta, gosari berezia egin zuten bertan.


Islamiar egutegiaren bederatzigarren hilabetea da Ramadana, eta hilabete horretan, musulmanek ezin dute jan, edan eta erre, eguzkia ateratzen denetik sartzen den arte. Hilabete sakratua da haientzat, eta funtzio erlijiosoa ez ezik, sanitarioa ere badauka. Izan ere, gorputza garbitu, eta morala eta borondatea indartzen laguntzen du.

Bakoitzak bere etxean ospatzen du Ramadana, hilabete osoan zehar; eta amaieran, urtero elkartzen da musulmanen komunitatea, festa egin eta hilabete sakratuaren bukaera ospatzeko. Hernanin, pandemiaren aurreko urteetan bezala, Atsegindegin elkartu dira oraingoan ere. Pandemiak azkeneko bi urteetan ohi bezala egiteko aukerarik eman ez zuen arren, urteroko ospakizuna bueltan izan zen atzokoan.

Erlazionatuak

Ramadanaren bukaerako festa, Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2022 mai 02 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!