Hernaniko etxez etxeko langileek Udalari eskatu diote laguntza

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 3a, 00:00

Etxez etxeko langile zerbitzuko langileak, DYA aurrean.

EULEN-ekin duten gatazkarengatik, Hernaniko etxez etxeko langileak «borrokan» daude.

Pasa den hilabetean, hainbat elkarretaratze egin zituzten Hernaniko Etxez Etxeko Laguntza langileek. Apirilaren 26an izan ziren azken aldarrikapenak, LAB sindikatuaren laguntzarekin, udaletxe aurrean eta DYAren aurrean.   

Hala ere, «borrokan» jarraitzen dute, egunero, «prekarietatearen aurka». Etxez etxeko laguntza langileek salatzen dute kontratuan dituzten lanaldiak ez direla bermatzen eta lanaldi egonkorrik ez dutela.

Horren aurrean, Udalaren borondatea «langileen baldintzak betetzea dela jakinda», hauxe zehaztu du langile taldeak: «oraingoan, Hernaniko Udalari eskatu diogu bitartekari egiteko EULEN enpresarekin daukagun gatazka konpon bidean jarri dadin, jakinda EULEN dela gure egoeraren arduradun». 

Oraindik ere, zaintza lanak aitortzeko eskaera egiten dute langileek, «ez baloratuak» sentitzen baitira.

 

Hainbat elkarretaratze, gatazka konpontzeko 

Apirilean, hainbat elkarretaratze antolatu zituen langile taldeak, LAB sindikatuaren laguntzarekin. Horietan, langileek argi utzi zuten zeintzuk ziren «borrokaren» arrazoi nagusiak: «ez dugu limosnarik nahi, KPIa lotuta izango duen gutxieneko hitzarmena nahi dugu».

Horrez gain, arrazoi gehiago direla medio, elkartasuna behar dutela azpimarratu zuten apirilaren 26an egindako elkarretaratzean. Izan ere, diote, «zaintza denon ardura da». 

Bestalde, LAB sindikatuak adierazi zuen zerbitzua, beste gizarte zerbitzu asko bezalaxe, publikoa izan arren, azpikontratu bidez kudeatzen dela. Hori horrela izanik, «langileen lan baldintzak hobetzeko saiakera prozesuan zailtasun haundiak izaten dituzte».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!