Neska kadeteen bi talde ariko dira semifinaletan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 3a, 00:00

Elkarren kontra jokatuko dute Hernani 1 eta Hernani 3 taldeek, finalerako txartela lortzeko lehian.

Bukatu dute denboraldia Hernaniko talde seniorrek, eta txapelketaren azkeneko txanpan sartu dira talde gazteak. Partidu erabakigarriak jokatu dituzte asteburu honetan, eta emaitza onak lortu dituzte.

Neska kadeteetan, esaterako, txapelketaren semifinalak jokatzeko sailkatu dira bi talde: Hernani 1 eta Hernani 3. Tolosako Herrikide A taldeari 3-0 irabazi zion Hernani 1ek, eta Donostiako Fortuna A taldea menderatu zuen Hernani 3k (3-0). Orain, elkarren kontra ariko dira semifinaletan. Beraz, bi taldeetako bat finalean izango da ziur, txapeldun izateko lehian. Hernani 3 da faborito, baina balentria ederra egin dute Hernani 1 taldekoek, kadete mailan lehenengo urtea duten jokalariak izanda.

Hernani 2 eta Hernani 4 taldeak, berriz, txapeldun izateko lehiatik kanpo geratu dira. Asteburuan jokatutako partidua galdu dute biek, Fortuna B eta Arizmendi taldeen kontra, hurrenez hurren. Markagailuan 2-0 aurretik izan ziren biak, baina 2-3 galdu zuten azkenean.

Txapeldun izateko fasea bikain hasi du neska infantilen Hernani 2 taldeak, Aldapeta A taldeari 3-0 irabazita. Eta primeran hasi du bosgarren postua lortzeko ligaxka Hernani 1ek ere, Arantzazuko Amari 3-1 irabazita.

Neska jubenilek, ordea, semifinaletako bueltakoan ere galdu egin zuten, Aldapeta Aren kontra (1-3); eta hirugarren postua lortzeko lehian ariko dira orain.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!