Sub18 taldea Espainiako zazpigarren, eta Sub14a Gipuzkoako txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 3a, 00:00

14 urtez azpikoak, Gipuzkoako txapeldunaren koparekin.

23 urtez azpikoetan, berriz, Hernanik galdu egin zuen brontzezko finala, Bartzelonaren zelaian (38-27).

Oso asteburu potentea izan da Hernani Errugbi Elkartearentzat, talde seniorrek jokatu ez duten arren. Izan ere, azpiko kategorietan hitzordu garrantzitsuak izan dituzte, torneo ezberdinetan.

23 urtez azpiko mutilek, esaterako, Espainiako ligako brontzezko finala jokatu zuten larunbatean, Bartzelonan. Partidu haundia jokatu zuten trikoloreek, eta lan haundia eman zion Bartzelona faboritoari; are gehiago, markagailuan aurretik izan zen momentu askotan. Baina kataluniarrek aurrea hartu eta tartea egin zuten azkeneko minutuetan, eta 38-27 nagusitu ziren.

18 urtez azpikoek, berriz, Espainiako Txapelketa jokatu dute asteburu osoan zehar, Valladoliden. Zortzi talde aritu ziren lehian, eta zazpigarren bukatu zuen Hernanik, partidu guztietan oso lehiakor aritu arren. Aurrenekoan, 3-13 nagusitu zitzaion Malaga, eta bigarrenean, Pozuelok bigarren zatian irauli zuen markagailua (19-26), atsedenaldira trikoloreak aurretik iritsi ondoren. Igandean, beste horrenbeste gertatu zitzaion Sant Cugaten kontra: partiduaren zati haundi batean aurretik joan ondoren, 8-16 galdu zuten azkenean. Hori horrela, zazpigarren posturako lehian aritu zen Hernani, Ferrolen kontra; eta nagusitasun haundiz irabazi zuen: 45-0.

Asteburuko emaitzarik pozgarriena, 14 urtez azpikoen taldeak lortu zuen igandean. Gipuzkoako Ligaren finala jokatu zuten Eibar Unbe zelaian, Gaztediren kontra; eta txapeldun izan ziren trikoloreak, talde gasteiztarra mendean hartuta.

Pozgarria, baita ere, 16 urtez azpikoen denboraldi bukaera. Aurreko asteburuan lortu zuten estreinako garaipena, eta bigarrena lortu dute asteburu honetan, Ordiziari 26-24 irabazita Landaren. Horrela, oso aho-zapore gozoarekin bukatu dute denboraldi zaila.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!