Espainiakoan bosgarren amaitu dute kadeteek

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 3a, 00:00

Oraingo honetan ezin izan dute bandera astindu.

Finalera sailkatzea lortu du ontzi hernaniarrak, baina batel galiziarrak nagusi izan dira.

Hernaniko nesken batel kadeteak herenegun amaitu zuen denboraldia Espainiako Txapelketan bosgarren amaitu eta gero. Pasai Donibanen jokatu zen txapelketa. 32 urte igaro dira Gipuzkoan Espainiako Batel Txapelketa azken aldiz jokatu zela eta hernaniarrek finalera sailkatzea lortu zuten. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi eta gero, faboritoen artean zegoen batel hernaniarra, baina ontzi galiziarrek maila ezin hobea erakutsi zuten.

Maila hauetan Galizia izaten da potentzia nagusia eta aurreneko hiru postuak eskuratu zituzten batel galiziarrek. Larunbatean, sailkapen estropadan Hernanik hirugarren amaitu zuen lehenengo txanda eta segundu bakarreko aldearekin lortu zuen finalera sailkatzea. Hala ere, laugarren denbora egin zuen batel guztien artean, beste txandan bigarren sailkatu zen Tolosaldearen aurretik.

Iganderako ikusi zen galiziarrak maila altuagoan zeudela eta domina zaila izango zela. Finalean borroka estua izan zuen Hernanik (7.30:99) tolosarrekin, baina azkenean Tolosaldeak (7.30:60) aurrea hartu zuen 39 ehunenekorengatik. Robaleira (7.12:04) izan zen txapeldun, Samertolameu (7.20:08) bigarren eta Tiran (7.24:26) hirugarren.

 

Zazpigarren, trainerilan

Gipuzkoako trainerila liga ere hasi da eta bertan neska jubenilen trainerilak hartuko du parte. Getarian zazpigarren amaitu zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!