Jardunaldi pedagogikoak Aratz Ikastolak, pedagogia eta espazio eraldatzaileak ardatz izanik

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 2a, 00:00
Aitor Axpe arkitektoa eta Oskol arkitektura tailerreko kidea.

Maiatzaren 5ean, Aitor Axpe arkitektoak eskainiko du hitzaldia, eta maiatzaren 9an, berriz, Alvaro Beñaran pedagogoak eta psikomotrizistak.

Aratz Ikastolan dagoeneko hasi dira datorren ikasturterako motorrak berotzen, izan ere, Ikastolen Elkarteko adituen eskutik antolatutako jardunaldi pedagogikoak egingo dira ostegunetik aurrera. Jardunaldi hauetan, pedagogia eta espazio eraldatzaileak ardatz hartuta, bi hitzaldi eskainiko dira. Batetik, Aitor Axpe arkitektoaren bisitaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, ostegun honetako hizlaria izango baita. Hitzaldia Biterin eskainiko du, arratsaldeko 18:00etan hasita. Espazioa hezkuntzaren zerbitzura izeneko hitzaldi honetan, Axpek hezkuntza-espazioak historian zehar, gaur egun arte izan duen bilakaera aurkeztuko du. Era berean, metodologia berriak eskatzen dituzten espazio arkitektonikoak ere azalduko ditu, «ikasleak beren hezkuntzaren eta ikaskuntzaren benetako protagonista izan daitezen». 

Bestetik, Alvaro Beñaranen pedagogoa eta psikomotrizistak, maiatzaren 9an eskainiko du hitzaldia, arratsaldeko 18:00etan hasita, Biterin. Beñaranen hitzaldian proposamen pedagogiko hauetan haurraren ekintza eta jolasean garrantziaz jardungo du, «bere barruko motibazio eta interesei nola eutsi, nola indartu bere iniziatiba...». Alegia, haurraren garapenaren zentzua ulertzen lagunduko du. 

Ostiralean, ate irekiak Aratzen 

Aratz Ikastolako instalakuntzak ikusteko parada ere izango dute herritarrak, «jardunaldi pedagogiko hauetan hizlariek esandakoa bertan nola aplikatu eta indartuko den ikusi ahal izateko». Beraz, ostiral honetan, arratsaldeko 17:00etan egingo dira ate irekiak, Aratz Ikastolan, eta bertaratzeko deia luzatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!