Euskaraldiaren hirugarren edizioa aurkeztu zuten ostiralean, Atsegindegin. Oholtza gainean, Irati Sarasua hernaniarrak jardun zuen aurkezle lanetan, eta Asier Kidam magoaren bisitak aho zabalik utzi zituen herritarrak. Halaber, Kilimak musika taldeak girotu zuen ostiraleko saioa, bertaratu zirenak dantzan jarriz. Aurkezpenean, Dobera Euskara Elkarteak Euskaraldiaren xehetasun guztien berri eman zuen: «azaroaren 18tik abenduren 2ra izango da Euskaraldia. Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta ahobizi, belarriprest dinamika eta ariguneak izango dira protagonista». Era berean, nabarmendu zuten «Hitzez ekiteko garaia» dela aurtengo leloa, 22. Korrikarekin du lotura zuzena duena, hain zuzen.
Aurkezpenean helarazitako datuak
Dobera Euskara Elkarteak aditzera eman zuen, Euskal Herri mailan 2020ko datuak apalagoak zirela 2018koak baino. Honen harira, honakoa ondorioztatu zuten: «pandemiaz gain bigarren edizioa izateak dakarren berritasun faltak eragina izan dute». Hala ere, Doberak, ozen eta harro nabarmendu zuen Hernaniko datuek adierazten zutela parte-hartzea igo egin zela edizio batetik bestera.
Entitateen izenemate irekiera maiatzaren 16ko astean izango da, eta norbanakoen izenematea, berriz, irailaren 19ko astean. Horrez gain, Doberak honakoa argitu zuen: «Ariguneak osatzen dituzten norbanakoek ariguneak osatzeko momentuan egin ahalko dute izenematea. Hau da, adibidez, ekainean izena ematen duen entitateko arigune horretako kideek ekainean bertan egin ahalko dute izenematea».
Aurreko edizioetan izena eman zutenekin, Topaguneak egingo du kontaktua: «SMS eta korreo elektroniko bidez, izenematea berresteko edota datuak aldatzeko aukera izango dute». 2020garren urtean, jende askok ez zuen izena eman lehenengo edizioko txapa zutelako, beraz, «txapa baduzu, eman izena, garrantzitsua da eta». Amaitzeko, kalean ere izena emateko aukera egongo dela ere jakinarazi zuen Doberak.k