Langileen Nazioarteko Egunaren harira, mobilizazioek hartuko dituzte kaleak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 1a, 00:00

Pasa den urtean ere, mobilizazioak egin ziren kaleetan barrena.

Antolatutako mobilizazioez gain, Goiz Eguzkin luncha antolatu dute gaur goizerako.

Gaur da Langileen Nazioarteko Eguna eta mobilizazioak antolatu dira Hernanin, maiatzaren lehenaren bueltan. Hernaniko Ernaik eta LAB sindikatuak bat egin dute, eta manifestazioa antolatu dute gaurko: Egin dezagun posible eta Zaintza lanak/enplegua/ondasunak banatu! leloekin, hain zuzen. Arratsaldeko 19:00etan abiatuko da mobilizazioa, Gudarien plazatik. Ondorioz, gaurko mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu dute Ernaik eta LAB sindikatuak: «urratsak eman ditzagun gaurdanik. Lantoki eta sektore mailan borrokak piztu ditzagun. Politika publikoak aldatzeko borroka egin dezagun. Gure bizitzekin ez dute jolastuko, izan gaitezen gure bizitzen jabe!». 

Horrez gain, Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak, eskualde mailako mobilizazioa antolatu du gaurko, Krisi kapitalista garaian sozialismoa eraikitzen lelopean. Arratsaldeko 18:00etan abiatuko dira herriko plazatik. «Prezioen gorakadak, askatasunik ezak, langabeziak eta aldi baterako lanaldiek, soldata miserableek eta abar luze batek jasangaitza egin dute eguneroko bizitza langileriaren bizkarrean. Horregatik, eta gehiagogatik dei egiten dizuegu gaurko mobilizazioetan parte hartzera, eta bidegabekeria horren aurka zuen aletxoa jartzea».

 
Goiz Eguzkin, mokadua

Goiz Eguzkik, berriz, doako lunch bat eskainiko die dagoeneko sarrera duten bazkideei, goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:30etara bitartean. Horrez gain, urtero maiatzaren 1ean meza egin ohi dute Goiz Eguzkin, baina aurtengoan ez da elizkizunik izango. Hala ere, Goiz Eguzkikoek jakinarazi dute, goizeko 09:30etan Agustindarren elizan egingo dela goizeko meza, eta 12:00etan, berriz, San Joan Bataiatzailea parrokian.k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!