Loidi-Altzueta bideari «konponbide iraunkorra» emateko lanean, Udala

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 30a, 00:00

Loidi-Altzueta bidea, itxita.

Bidean izandako lurjausia konpontzeko ingeniaritza-proiektua jaso du Udalak, eta URA agentziaren baimenaren zain dago, hasteko.

Urtarriletik dago itxita Loidi eta Altzueta arteko landa-bidea, euriteek eta ibaiaren maila igotzeak lurjausia eragin zutelako ibaiertzean, eta oinarririk gabe geratu zelako bidea. Ordutik, «hainbat aukera» aztertu dituzte Hernaniko Udaleko zerbitzu teknikoek, «arazoari konponbide iraunkorra bilatu nahian». Udalak azaldu du, bide zati horrek «hainbat zailtasun» dauzkala: «batetik, ibaia bidetik oso gertu dago, eta horrek bidearen zabalera asko mugatzen du; eta bestetik, mendiaren magalak malda oso haundia dauka. Geologiak ere ez du laguntzen».

Ingeniaritza-proiektu bat eskatu zuen Udalak, eta dagoeneko jaso du: «proiektu horretan proposatzen da, hormigoi armatuzko losa mikropilotatu bat eraikitzea, eta landa-bidetik gertu dagoen ibaiaren hegalean finkatzea. Losak 25 metroko luzera eta 4,5 metroko zabalera izango du. Gainera, ibaiertza babesteko, azaleko dike bat eraikiko da».

Orain, lan horiek egiteko baimena eskatu diote URA Uraren Euskal Agentziari; eta erantzuna jaso bitartean, obra exekutatzeko lizitazioa ere lantzen ari da Udala, «prozesua ahalik eta gehien azkartzeko asmoz».

Udalak nabarmendu du, azken urteetan neurriak hartu dituela bide zati horretan, «ibilgailuen segurtasuna hobetzeko»: babes-hesiak, eta zirkulazioa norabide bakarrean txandakatzeko semaforoak. «Baina, zoritxarrez, izandako lurjausiaren ondorioz, errepidea erabat itxi behar izan da, konponketa lanak amaitu arte, bidea gutxieneko bermearekin irekitzerik ez baitago», azaldu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!