«'Hierro' telesailaren sortzaileen eskutik, gogotsu nago 'Rapa' ikusteko»

Aitor Caracciolo 2022ko api. 30a, 00:00

Mónica López eta Javier Cámara dira 'Rapa'n protagonistak.

Apirileko azken egun honetan berriz ere hemen nago zuen artean. Hilabete luze hau atzean uzten ari garenean, zuengana nator datorren asteetan izango ditugun telesailetaz hitz egiteko. Dena den, badira ere hil honek utzitako eta aurreko artikuluan aipatu ez nituen sorpresa pare bat ere. Bukatutzat eman baino lehen, azken egunotan gurean estreinatu eta aipatzekoak iruditzen zaizkidan bi proiektu interesgarri dira. Beraz eman diezaiogun hasiera artikuluari, horiek aipatzen.

Plazaratu nahi dizuedan lehen telesaila, Zelanda berritik iritsi zaigun Rurangi dugu, Filmin plataforman ikusgarri. Bost atalez osaturiko webserie hau, film modura estreinatua izan zen hainbat jaialditan. Auckland hirian bizi den Caz Davis-en historia kontatzen digun telesaila dugu hau. Trans pertsona izanda, bere herrira bueltatzen denean gertatzen den talka kontatzen digu. Familia eta lagunekin berriz ere elkartzeak ekarriko dituen egoera berriak tratatuz, sorturiko istorio txiki baina indartsuak, tentsioz beteriko momentu ederrak ematen dizkigu. Hogei minutuko bost atal laburrez osaturiko telesail zoragarri honek izandako harreraren ostean, bigarren denboraldi baterako berritua izan dela ere iragarri dute.

Beste alde batetik Elizabeth Moss aktore bikainaren Shining Girls ere ekarri nahi dizuet. Lauren Beukes liburu homonimoan oinarritutako telesailak, Harper Curtis hiltzailearen eta bere biktima den Kirby Mazrachiren artean gertatutako rol aldaketak ekarriko dituen bidaiaren kontakizuna da. Gauzatzen ez den hilketaren ostean Kirbyk hasiko duen kontrako ehizak, garai ezberdinetara eramaten duen etxe batera erakarriko du. 

Lehen atalak atzo bertan estreinatu baziren ere, Apple TV+ zerbitzuan, liburua irakurri dugunok ezagutzen dugu kontakizun honek (nere ustean noski) izango duen potentzial haundia. Urteko estreinaldi haundienetako batean bihurtzeko osagai guztiak dituen thriller boteretsua dugu hau. Ikusiko dugu betetzen dituen bertan jarritako itxaropenak.

 

Maiatzean denboraldi berriak eta estreinaldiak

Maiatzari begira berriz, hainbat telesail izango ditugu gure artean. Love Dead & Robots, Breeders, The Wilds, Teheran edota denontzako aski ezaguna den Stranger Things bueltan izango ditugu denboraldi berriekin.

Disney+ zerbitzuak bere aldetik, Obi-Wan Kenobi, star wars munduko telesail berria ere ekarriko digu. Ewan McGregor eta Hayden Christensen aktoreak beren pertsonaia zaharretara bueltatzeak, nostalgiaz beteriko telesaila izango dela iragartzen digu. Gauzak honela, sorpresa eta kameo ugari ere espero ditugu istorio hauen zaleok.

Apple TV+ zerbitzuak aldiz The Essex Serpent ekarriko digu. Claire Danes eta Tom Hiddleston aktore famatuen telesail berria. XIX. mendeko Ingalaterrako landa herri batean gertatzen den misterio bat argitzera doan Londreseko hiritar batek eta bertako apaizak izango duten erlazioan eta gertakarian bertan izango du oinarri.

The Staircase izango dugu HBOn estreinaldi nabariena ere. Zortzi atalez osaturiko telesail labur honek izen bereko dokumentala du oinarri. Ipar Karolinan kokatua, Michael Petersonek, bere emaztearen heriotzan izandako parte hartzearen narrazioa dugu. Hilketaren susmoak gainean izan zituen kasu erreala ekarri nahi digu produkzioak eta Colin Firth eta Toni Collette dira aktore planten bikainaren buru.

 

'Rapa' da gogotsuen espero dudan telesaila

Eta azkenik gogotsuen espero dudan telesaila, Movistar+ zerbitzuak maiatzaren 19an estreinatuko duen Rapa. Hierro telesail haundiaren sortzaileen eskutik iritsiko zaigun thriller berria dugu hau. Javier Camara eta Monica Lopez aktoreak buru dituen produkzio berrian, Galiziako herri txiki batera egingo dugu salto. Bertan, alkatea hilda agertu ostean gertatuko direnak ikusiko ditugu. 

Egia esan, beldurra dut telesail honekin dudan ikusminaz, Hierro telesailean ezjakintasuna izan zen ustekabearen arrazoi nagusia. Rapa, aldiz, jarraitu eta ezaguna dudan proiektua da eta agian telesailari exijentzi maila altu xamarra jarri diot nere buruan… ez dakit, akaso zeharka ari naiz? ikusi ostean jakingo dugu noski. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!