Hernaniarrak gonbidatuta daude, datozen bi astelehenetan, Galarretako Erremontari saioa ikustera

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 30a, 00:00

Galarretara gonbidatu ditu Oriamendik hernaniarrak.

19:00etatik 21:00etara Sagardoaren Txapelketako bi partidu jokatzen eta grabatzen dira, gero gauean ETB1ean eskaintzeko. Hernaniarrentzat doakoa da sarrera.

Sagardoaren Txapelketa ETB1eko Erremontari saioan eskaintzen da, astelehenero, 22:30etan hasita; hala ere, partiduak 19:00etatik 21:00etara grabatzen eta jokatzen dira. Bertako ikuskizunaz gozatzeko hernaniarrek sarrera dohainik dute eta gonbidatuta daude Galarretan saioa eta partiduak ikustera. 

Bertan, lehiaketan parte hartzen duten lau bikoteez gain, grabaketaren sorkuntza ikusi eta gertatzen den guztia zuzenean bizitzeko aukera izango dute doan hernaniarrek. Eta nola ez, ahotsezko informazioa izango da zuzenean, gertatzen denaren jarraipena eginez, topaketaren xehetasunik ez galtzeko. 

Datorren astelehenean, beste bi partidu jokatuko dira. Lehenengoan, Ezkurra II.ak eta Zalduak (Gurutzeta), Aldabe eta Larrañaga (Bereziartua) izango dituzte aurkari. Bi bikoteentzat estreinako partidua izango da Sagardoaren Txapelketan. Bigarren partiduan, ordea, aurrenekoan aritu ziren bi bikote lehiatuko dira. Goikoetxea V.ak eta Barrenetxeak (Oialume Zar), Segurola eta Azpiroz (Petritegi) izango dituzte aurrez aurre. Gorriek irabazi egin zuten lehenengo partidua eta urdinek galdu, punturik lortu gabe.

 
Barrenetxea eta Zubiri, garaipenarekin hasi dute

Sagardoaren Txapelketa astelehenean hasi zen Oialume Zar eta Larre Gain sagardotegien garaipenekin. Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak (Oialume Zar) Ansa eta Juaneneari (Petritegi) irabazi zieten jaialdiko lehen partidan, eta Urrizak eta Zubirik (Larre Gain) 17 tantotan utzi zituzten Segurola-Azpiroz (Petritegi).

Txapelketako lehen bi emaitza horiek Oialume Zar eta Larre Gain berdinduta utzi dituzte, lidertzan, lau punturekin. Setien hirugarren geratu da bi punturekin eta Petritegik ez du punturik lortu.
Barrenetxea eta Zubiri bikain aritu ziren euren partiduetan. Bi partiduek bi istorio ezberdin izan zituzten. Lehenengoak emozio haundia izan zuen eta bigarrenak, aldiz, Urriza eta Zubiriren alde egin zuen erditik aurrera. Hori bai, nahiz eta aldea haundia izan, lehen erdia berdindua izan zen.
Barrenetxea modu ikusgarrian aritu zen sakean eta Goikoetxeak ez zuen ia akatsik egin. Ansa eta Juanenea ere ederki aritu ziren, nahiz eta partidua galdu.
Bigarren partiduak ez zuen emozio bera izan.

Zubirik min egin zuen sakearekin eta Azpirozek ezin izan zuen inoiz mendean hartu. Urriza besteen gainetik nabarmendu zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!