Espainiako Txapelketa jokoan, 18 urtez azpiko taldeak Valladoliden

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 30a, 00:00

Hernaniko jokalariek txapeldunaren garaikurra jaso zuten. Argazkia: HRE

Hernaniko errugbi talde nagusiak denboraldia pasa den astean amaitu zuen, baina oraindik ere partidu eta txapelketa garrantzitsuak daude jokoan. Horrela, gaur eta bihar, Hernaniko 18 urtez azpiko taldeak Espainiako txapelketa jokatuko du Valladoliden. Aurreko urteko hirugarren postuaren ondoren, lan jaundia egin du taldeak denboraldi honetan, eta emaitza berdindu edo hobetzeko asmoarekin joango dira Gaztelara.

Aurreko astean amaitu zen M18 Euskal Liga erregularra, eta Elorrion jokatutako partiduaren ondoren, Hernani taldeari txapeldunaren garaikurra entregatu zion Euskal Errugbi Federazioak.

Aste beteko entrenamendu gogorren ostean, gaur egingo du debuta Hernanik CR Malagaren aurka, eguerdiko 10:50etan. Ondoren, CRC Pozueloren aurka ariko dira, 13:30etan. Bihar goizean, berriz, Sant Cugat taldea izango dute aurrean. 

 

Brontzezko Kopa, 23 urtez azpikoek

Bestalde, gaur 16:30etan, 23 urtez azpiko taldeak Brontzezko Kopa izango du jokoan Barçaren kontra, La Teixoneran.

Brontzezko Kopa multzoko bosgarren eta seigarren geratu diren lau taldeen artean jokatzen da. Hernanik aurreko astean CAU Valencia kanporatu zuen eta Barcelonak erraz gainditu zuen Bizkaia Gernika. Irabazleak Brontzezko Kopa irabazteaz gain, bederatzigarren postua eskuratuko du denboraldian. Galtzailea hamargarrena izango da. Aurretik, Urrezko Kopan dauden lau taldeak eta Zilarrezko Kopako laurak sailkatuko dira. 

Kataluniarrak dira faborito eta Hernanik osatu duen denboraldi bikainari amaiera ezin hobea eman nahi dio.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!