Hernanik Espainiako txapeldun izan nahi du

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 30a, 00:00

Kadete neskak denboraldi ikusgarria ari dira osatzen.

Pasai Donibane izango da txapelketaren egoitza gaur eta bihar, eta neska promesa hernaniarrak faboritoen artean daude.

Pasai Donibanen, gaur eta bihar, Espainiako Batel Txapelketak jokatuko dira. Bertan, Hernaniko nesken batel kadetea ariko da eta Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi eta gero, Espainiakoa ere poltsikoratu nahi du. Historikoa izango litzateke Hernaniko Arraun Elkartearentzat eta Hernaniko herriarentzat.

Erronka ez da nolanahikoa, eta aurkari gogorrak izango ditu Hernanik. Gaur, sailkapen estropada hasiko da 10:30etatik aurrera. Gainera, neska kadeteak neska infantilen ondoren irtengo dira, 10:45ak aldera. Hamar batel sailkatu dira Espainiako txapelketara: Kantabriatik Planchada, Camargo eta Santoña; Galiziatik Robaleira, Tirán eta Samertomaleu; eta Euskaditik Tolosaldea, Zumaia, Kaiku eta Hernani. 

Atzo, ilunabarrean egin ziren bi txanden zozketak. Txanda bakoitzeko bi lehenengoak zuzenean sartuko dira finalera eta hirugarren onena izango da bosgarren sailkatua. Hurrengo bostak kontsolazio txandan ariko dira igandean.

Kontsolazio estropadak bihar, 10:00etan, hasiko dira eta finalak, 11:30etan. Hernaniko kadeteek bertan egotea espero dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!