XIII. marrazki erakusketak eta Maite Larbururen kontzertuak irekiko dute agenda

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 30a, 00:00

Maite Larburu hernaniarrak 'Krak' diskoa aurkeztuko du hilaren 6an. Argazkia: Ainhoa Resano

Kultur agendak makina bat ekintza aurkeztu ditu maiatzerako, eta etzi emango diote hasiera egitarauari Bide Heziketaren bueltako erakusketarekin. Bestelakoan, antzerkia, musika, literatura, zinea eta beste asko izango dira hilabete honetako protagonistak.

Maiatza ate joka dugu dagoeneko, eta etzi emango diote hasiera hilabete honetako kultur agendari. Betiko moduan, denetarik izango da adin guztietako herritarrentzat: antzerkia, zinea, literatura, musika, azokak eta beste asko. Astelehenean, martxan jarriko da Bide Heziketaren bueltako  XIII. marrazki erakusketa. Udaltzaingoak antolatuta, ostiralera arte egongo da ikusgai Biterin, ohiko ordutegian.  

Gainerako ekintzetan murgilduta, musika izango da protagonista hilabeteko agendan. Izan ere, besteak beste, izango dira musika emanaldiak, erromeria eta abesbatzen kontzertuak. Gainera, maiatzaren 21a egun berezia izango da Hernaniko Musika Eskolarentzat. Hain zuzen, Ttakun Ttan Ttakun taldearekin batera, XXXVI. Txalaparta Festa ospatuko dute. Tilosetan izango da festa, eta adierazi dutenez, ordua zehazteke dago oraindik. 

Ostiralean, hilaren 6an, Maite Larburu igoko da oholtza gainera. Hernaniarrak Krak diskoa aurkeztuko du Chillida Lekun, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Joan den urteko irailean kaleratu zuen bere azken lana, eta bere herrian aurkeztuko du. Diskoan, bidelagun izan ditu Carlos Taroncher eta Karlos Arancegui musikariak. Klarinete, baxu eta bateria jotzeko modu ortodoxoei muzin eginez, bihurtuko dituzte klarinete eta baxua gailu elektroniko eta bateria, berriz, perkusio set. Hain justu, gitarra klasikorekin, elektrikoarekin, biolinarekin eta biolarekin lagundu du Larburuk bere ahotsa. Sarrerak salgai daude, 8 euroan, Biteriko leihatilan edo, bestela, online, kultura.hernani.eus webgunean. 

 

Zinea, erromeria, azoka eta beste asko, hurrengo astean

Ekintza berezia antolatu dute datozen egunetarako. Antziola libguneko kutxen pintura tailerra izango da hilaren 7tik 14ra bitartean. Oihana Insausti begiralearekin, 10:30etatik 12:30etara, margoketa lanetan arituko dira bertaratzen direnak. Informazio gehiago eskuratzeko, bertaratu liburutegira edota Zelabide auzo elkartera. 

Hurrengo asteazkenean, berriz, maiatzaren 11n, Anderea filma proiektatuko dute Biterin, arratsaldeko 19:00etan. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratu behar da aurretik, kultur etxean bertan. Egun horretan, gainera, Iker Valle artistaren margolanen erakusketa aurkeztuko dute Biterin. Hilaren 28ra arte egongo da ikusgai, kultur etxeko ohiko ordutegian. 

Erakusketekin jarraituz, Emakumeen Zentro Soziokulturalak eskulanen erakusketa antolatu du, eta maiatzaren 31n aurkeztuko dute.

Martxa horrekin jarraituz, maiatzaren 14a egun potoloa izango da herrian. Eguerdiko 12:00etan, Tartalo, gaztaren sekretua antzerkia aurkeztuko du Logela multimediak, Biterin, eta sarrerak salgai jarriko dituzte asteartean, online zein kultur etxean. Eguna amaitzeko, hilabeterako erromeria antolatu du San Joan konpartsak. Oraingo honetan, Plaza Berrin izango da, arratsaldeko 18:30etan. 

Bestalde, hilaren 15a egun seinalatua izango da bailarako baserritarrentzat. San Isidro eguna ospatuko dute Hernanin ere, eta egitaraua oraindik aurkeztu ez badute ere, laster emango dute horren berri. 

Bere aldetik, Gaztelekuak ere aurkeztu du hilabeteko egitaraua. Datorren larunbatetik hasita, hamaika egiteko izango dituzte: patata tortila lehiaketa, tatuaje tailerra, mini golfera irteera, ginkana bizikletan, eta beste hainbat ekintza. 

Maiatzaren 21ean, goizean, Behemendik, Dekolorek eta Udalak antolatuta, loreen eta landareen azoka izango da Urbieta kalean.

 

Ekitaldietarako sarrerak salgai interneten eta Biterin  

Aurkeztutako zenbait ekintzatarako, beharrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapenak edota sarrerak eskuratzea. Bertaratzeko modua edozein dela ere, eskuragai eta salgai egongo dira kultura.hernani.eus webgunean edo, bestela, aurrez aurre, Biteriko leihatilan, ohiko ordutegian.

 

Kultur agenda

Maiatzak 6, kontzertua: Maite Larbururen 'Krak' diskoa. 20:00etan, Chillida Lekun. 

Maiatzak 7-14, Antziolako libguneko kutxen pintura tailerra. Informazio gehiago: liburutegian eta Zelabide Auzo Elkartean. 

Maiatzak 11, zinea: 'Anderea'. 19:00etan, Biterin.

Maiatzak 11, literatur solasaldia: 'Beloved' (Toni Morrison). Amaia Garciak gidatua, gaztelaniaz. 19:00etan, liburutegian. 

Maiatzak 14, erromeria. San Joan Konpartsa. 18:30etan, Plaza Berrin. 

Maiatzak 14, haur antzerkia: 'Tartalo, gaztaren sekretua'. Logela multimedia. 12:00etan, Biterin. 

Maiatzak 15, San Isidro jaia. 

Maiatzak 17, literatur solasaldia: 'Euri zitalari eskeri' (Itxaro Borda). Ane Mayozek gidatua, euskeraz. 19:00etan, liburutegian. 

Maiatzak 19, antzerkia: 'Harri minak'. Bonbon beltz eta Berritza, Geuretik Sortuak proiektuaren barruan. 19:30etan, Biterin. 

Maiatzak 21, loreen eta landareen azoka. Behemendi, Dekolore eta Udala. Urbieta kalean. 

Maiatzak 21, XXXVI. Txalaparta festa. Hernani Musika Eskola eta Ttakun Ttan Ttakun. Ezkiaga pasealekuan. 

Maiatzak 24, ipuin kontaketa. Kontalaria: Lur Korta. 17:30etan eta 18:15etan, Biterin.  

Maiatzak 24, emakumeen euskal literatura mintegia: 'Gu gabe ere' (Itziar Ugarte Irizar). Kattalin Minerrek gidatua. 19:00etan, Biterin.  

Maiatzak 26, kontzertua: pertsona nagusien abesbatzen V. topaketa. Taldeak: Aitor Borda (Lezo), Gure kabia (Añorga), Biyak bat (Lasarte-Oria), Untzaga (Eibar), Goiz Eguzki (Hernani). 17:00etan, San Joan Bataiatzailearen elizan. 

Maiatzak 27, kontzertua: Kantuz eguna. Kantuz abesbatza. 19:30etan, Biterin. 

Maiatzak 28, Pausoka eguna. Atsegindegin.

ERAKUSKETAK

Maiatzak 2-6, bide heziketa: XIII. marrazki erakusketa. Biterin. 

Maiatzak 11-28, Iker Valleren margolanak. Biterin. 

Maiatzak 32 - ekainak 4, eskulanak. Emakumeen Zentro Soziokulturala. Biterin. 

 

GAZTELEKUA

Maiatzak 7, patata tortila lehiaketa. 

Maiatzak 10, merienda osasungarria, 18:00etan. 

Maiatzak 13, tatuaje tailerra, 17:30etan. 

Maiatzak 15, mini golfera irteera. *Izena eman behar da

Maiatzak 21, ginkana bizikletan. *Izena eman behar da

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!