«Lanera goazenero, arriskuan jartzen dugu gure bizitza»

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 28a, 00:00

Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, adierazpena egin dute LAB sindikatuak eta Hernaniko Ernaik.

Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta horren harira, adierazpen kritikoa egin dute LAB sindikatuak eta Hernaniko Ernaik, elkarrekin. Nabarmendu dute, «odolusteak» ez duela etenik: «oraindik ere, lanera goazenero, gure bizitza arriskuan jartzen dugu. Egun dugun sistema kapitalistak bizirautera kondenatzen gaitu, eta hori gutxi balitz, lan istripuen kopurua gorantza doa».

LABek eta Ernaik salatu dute, gainera, egoera horren aurrean «beste alde batera» begiratzen dutela Eusko Jaurlaritzak, Osalanek eta Enpresa Elkarteak: «egunez egun ematen ari diren heriotz hauek, errudun argiak dituzten erailketak dira. Lan erreformak, lan baldintzen gainbehera, gehiegizko lan erritmoa, segurtasun falta... Hori guztia dago ezbeharren atzean», diote.

Horregatik adierazi dute, «sistema bera» dela huts egiten duena; «gutxi batzuen helburu ekonomikoak gehiengoaren ongizatearen gainetik jartzen dituen sistema». Eta horren aurrean, nabarmendu dute «prekarietatearen aurrean antolatu eta borrokatzea» dagokiola euskal gazteriari: «indarrak batuz lortuko dugu!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!