Dolu perinatalari buruz, hitzaldia gaur Biterin

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 28a, 00:00

Esku Hutsik elkarteko Eider Otxoa izango da hizlari. Argazkia: Goiena

Haziak eta Esku Hutsik elkarteek antolatuta, Eider Otxoak eskainiko du, 17:00etan hasita. Doakoa izango da.

Dolu perinatalari buruzko hitzaldia antolatu dute, gaur arratsalderako, Haziak eta Esku Hutsik elkarteek. Biterin izango da, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara; eta Eider Otxoak eskainiko du. Doakoa eta irekia izango da, eta herritar guztiei zuzenduta dago.

Esku Hutsik elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea da Eider Otxoa, eta era berean, «doluan dagoen ama, dolu perinatalean espezializatutako terapeuta, eta Dolulaguna laguntza zerbitzuaren arduraduna». Hitzaldian azalduko du, dolu perinatala zer den, zerk laguntzen duen eta zerk ez, eta nola eragiten dion familiari, besteak beste. Eta horrez gain, Esku Hutsik elkartea aurkeztuko du, eta eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko informazioa emango du. Euskadiko eta Nafarroako haurdunaldiko, erditze inguruko eta jaiotza osteko heriotzagatiko doluaren elkartea da Esku Hutsik.

Gainera, elkarteko kide bat ere izango da bertan, bere testigantza emateko. Eta hitzaldiaren amaieran, solasaldirako tartea egingo dute. «Animatu nahi zaituztegu parte hartzera, eta gizartean hain ezkutatuta eta ixilduta dagoen gai hau ikusarazten laguntzera», adierazi du Haziak elkarteak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!