Garraio publikoko tarifen jaitsiera aztertzeko mozioa, onartuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 28a, 00:00

EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek babestu zuten mozioa.

Onartutzat eman zituzten astearteko osoko bilkuran landutako gai guztiak.

Astearte arratsaldean bildu ziren Hernaniko Udaleko zinegotziak, apirileko osoko bilkuran. 2020ko apirilean emandako dekretuen berri ematearekin hasi zen plenoa, eta berehala heldu zieten gainerako gaiei, ez baitzen iruzkinik izan. LS.01  partzelako xehetasun azterlanaren berri eman zuten, eta aho batez onartu zen.

Jarraian, EH Bildu udal taldeak, Gipuzkoako garraio publikoko tarifen jaitsiera aztertu eta adostearen aldeko mozioa aurkeztu zuen. Aipatu zuen, beharrezkoa dela tarifen jaitsiera, egiten den bidea dena dela, eta erabiltzen den garraiobidea trena, Lurraldebus edo hiri barruko zerbitzua izan. Horregatik, honako puntuak zituen Hernaniko osoko bilkurari aurkeztutako mozioak: «Lehenengoa, Udalak Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritza osatzen duten erakundeei eskatzen die tarifa jaitsiera aztertu eta adostu dezatela; bigarrena, tarifa jaitsiera horrek erabiltzaile berrien sorrera helburu izan dezala, eta garraio publikoa maiz erabiltzen duten erabiltzaileen onura bilatu dezala, tarifetan laugarren tarte bat sortuz; hirugarrena: Hernaniko Udalak irmoki defendatzen du momentua orain dela, garraio publikoa inoiz baino gehiago indartzeko eta pandemian galdu diren erabiltzaileak berreskuratzeko; eta laugarrena, erabiltzaile gutxiera dela medio edo bestelako edozein erabaki tarteko, Hernaniko Udalak Gipuzkoako garraio sisteman eman diren eta ematen ari diren zerbitzu murrizketak salatzen ditu». EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-Orain Hernaniren aldeko botoekin onartu zen mozioa, eta EAJ abstenitu egin zen.

Sagardotegien bidearen egoera

Eskari eta galderetan, Altzueta, Iparragirre eta Elorrabi sagardotegietara joateko bidean egiten ari diren obraren inguruan galdetu zuen Elkarrekin Podemosek. Bidea itxita dago, eta une honetan Lastaolakoa da bide alternatiboa. Udal gobernu taldeak erantzun zuen, lanean ari direla: «URAk agentziarekin hitz egin genuen, eta apurka baina badoa aurrera. Ez da obra txikia».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!