Euskaraldia

Bihar aurkeztuko dute Euskaraldiaren hirugarren edizioa Atsegindegin, festa giroan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 28a, 00:00

Xabi Ezponda eta Nagore Zubitur, Doberako kideak, Euskaraldiko kartelarekin.

Irati Sarasuak gidatuta, 19:00etan izango da aurkezpena. Saioa girotzeko, Kilimak taldea eta Asier Kidam magoa ere izango dira bertan. 

Bihar aurkeztuko dute Atsegindegin, arratsaldeko 19:00etan hasita, Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Urte bukaera aldera izango da, azaroaren 18tik abenduaren 2ra, baina motorrak berotzen hasteko asmotan, festa antolatu du Dobera Euskara Elkarteak, eta Euskaraldiaren xehetasun guztien berri emango du biharko saioan. Bertaratzeko deia luzatu die herritarrei, eta, horretarako, aurtengo leloa erabili du: «Hitzez ekiteko garaia da!». Leloak 22. Korrikarekin du lotura zuzena, hitza eta ekina batu baitziren edizio honetako helburu zein mezu nagusian.

Bihar, Irati Sarasua hernaniarra arituko da aurkezle lanetan, eta Doberako kideek ziurtatu dute arratsalde berezia izango dela. Izan ere, Kilimak musika taldeak girotuko du saioa, Euskal Herriko txoko guztiak konkistatzen ari diren euskal runba doinuekin. Hori ez ezik, magia ere ez da faltako aurkezpenean. Izan ere, Asier Kidam magoa oholtza gainera igoko da, bertaratzen diren guztiak aho zabalik uztera.

 

Hirugarren edizioa, martxan

Euskaraldiak hirugarren edizioa du aurtengoa, azkena 2020an izan baitzen, pandemia urtean. Orain, bi urteren ostean, Doberako kideek gogotsu ekin diote erronkari eta, jakitera eman dutenez, aurreko edizioetako datuak eta aurrera begirakoak aurkeztuko dituzte biharko hitzorduan.

Euskaraldiaren bueltako informazioa helaraztearekin batera, Doberako kideek ekintza bat prestatu dute biharko. Zehazki, bi panel haundi jarriko dituzte Atsegindegin, honako esaldi hauekin: Euskaraldia honetan lortu nahi dut eta Euskaraldiari esker lortu nuen. Modu horretan, aukera emango diete partehartzaileei esaldi horien bueltan hausnartzeko eta papertxo batean gogoeta egiteko. Batetik, memoria ariketa egin beharko dute, 2020 urteko Euskaraldia gogora ekartzeko; eta, bestetik, aurtengorako helburuak finkatzeko tartea izango dute. Gainera, alboan izango dute sagardo-kupela bat, Larre Gaineko sagardoarekin. Horrela, arratsaldea goxatu ahal izango dute, aurtengo eta pasatako edizioen bueltan hausnartzen duten bitartean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!