Ingurumenari buruzko erakusketa gaur arte Biterin, ikasleen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 28a, 00:00
Biterin daude ikusgai, LH 4, 5 eta 6 mailetako ikasleen lanak.

Artelatzek antolatuta, LH 4, 5 eta 6 mailetako ikasleen lanak izango dira ikusgai Biterin, 17:00etatik 19:00etara.

Urtero bezala, Ingurumen-Hezkuntza lantzen aritu dira Hernaniko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan. Eta ikasleek urtean zehar landutakoa herritarrei aditzera emateko, erakusketa antolatu du Artelatz Ingurumen Zerbitzuak, aurten ere. Aste honetan jarri dute, Biterin; eta gaur arte egongo da ikusgai, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara.

Lehen Hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleek hartu dute parte; eta maila bakoitzean, gai nagusi bana landu dute. Laugarren mailakoek, esaterako, hondakinak izan dituzte ardatz; eta horren baitan, egin dute kontsumo arduratsuaren tailerra, birziklaketa eta oka jolasa, eta Urnietako Ontzien Sailkapen Planta ezagutzeko online saioa. Bosgarren mailakoek, berriz, landaretza jorratu dute ikasturte honetan: Hernaniko parkeetako zuhaitzak ezagutu dituzte, sendabelarren tailerra egin dute, eta Karabeleko etxaldea bisitatu dute. Eta seigarren mailakoek, azkenik, ura izan dute ardatz: erreka baten azterketa tailerra, urarekin eta kareharriarekin lotutako higadura tailerra, eta Añarbera bisita, uraren zikloa ezagutzeko.

Jarduera horiek guztiak, Artelatzeko hezitzaileen eskutik egin dituzte, Hernaniko Udaleko Hezkuntza Batzordearen dirulaguntzarekin. Eta ekintza horietan egindako lanekin, erakusketa prestatu dute orain.

Gainera, Eskola Agenda 2030 proiektua ere ari dira lantzen Hernaniko ikastetxeetan. Honakoa izan dute aurtengo gaia: zelaiak eta landare itsutasuna.

Horregatik, Biterira gerturatzeko gonbitea luzatu diete herritar guztiei: «erakusketa ikusteaz gain, bi proiektuei buruzko informazio gehiago jasotzeko aukera izango duzue».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!