167. eguna: Kampala (Burokrazia)
Orain arte gurutzatu ditugun bost mugetan herrialdeko bisatua egunean bertan lortu izan dugu, mugan aurkitzen den immigrazio bulegoan, beti azkar eta erraz. Sudanen kasua ezberdina da ordea. Hegaldi bidez sartuko gara eta bisatua aldez aurretik onartua izan behar dugu bertan sartzeko. Has dadila jokoa!
Lehen pausoa Sudaneko enbaxadara gerturatu eta entregatu beharreko dokumentuak zein diren argitzea izan da. Bertako langilea gutaz nazkatu den arte aritu gara, dena ondo argitu nahian, xehetasun txikienaren inguruan ere galdezka (pazientzia gehiegirik ere ez zuen langileak egia esan). Despistatu xamarrak garela badakigu eta ez dugu hanka sartu nahi.
168. eguna: Kampala (Burokrazia)
Eskaturiko guztia esku artean dugula azaldu gara zintzo goizeko lehen orduan enbaxadara, bertako langileak atzo agindu bezala. Lehen ezustekoa jaso dugu berehala, gaur itxita egongo da egun osoan zehar. Atean ipini duten landu gabeko idatzi baten bidez eman dute itxiera honen berri.
Atzo irekita egongo zela eta goizean goiz azaltzeko esan izanak amorrarazi gaitu gehien. Gaurko itxiera azken orduko erabakia izan bada ere, langilearekin kontaktuan gaude mugikor bidez. Errespetuagatik, zer gutxiago honen berri ematea baino… Pazientzia lantzea tokatzen zaigu.
Gugan ez du eragin handiegirik izan, baina gurekin batera azaldu diren britainiar eta somaliar biri alukeria galanta egin dielakoan gaude. Beraien aurpegiari erreparatu besterik ez horretaz jabetzeko.
169. eguna: Kampala (Burokrazia)
Atzokoaren ondoren mesfidantza osoz joan gara burokrazia lanak burutzera. Ezin ezer onik espero ikusitakoa ikusita. Zorionez, usteak erdi ustel. Prozesua azkar eta arazorik gabe joan da, eta konturatzerako, bisatua onartu digute!
Ordainketaren ostean hiru egun itxaron behar dira pasaportea bueltan izateko. Astelehenean itzuliko gara honen bila. Irekita egongo ote da? Nork daki…
170. eguna: Kampala (Deskantsua)
Benetako deskantsu egun bat merezi dugu hainbeste papel eta endredoren ostean. Atzoko berri onak ospatzeko bidaia honetan tradizio moduko bat bihurtu dena egin dugu; zinera joan. Gaurkoan ere akziozko pelikula bat ikusi dugu, badirudi mota honetako filmak soilik botatzen dituztela Afrikan, aurretik egon garen bi kasuetan ere ez genuen izan beste aukerarik.
Supermerkatu moderno erraldoi bat ere aurkitzen da zentro komertzial honetan. Noizean behin ondo etortzen den etxeko dosia jaso dugu. Indarberrituta, prest gaude betebeharrekin jarraitzeko!
171. eguna: Kampala (Logistika)
Hegaldi batek hartzea dakarren logistika guztia antolatzea tokatu da gaur. Helburua: bizikletak eta zakuto guztiak modu merke eta efizientean eramatea. Bakoitzak bi kaxa beharko ditu; bat bizikletarentzat, eta bestea, zakutoentzat. Erronka bizikletaren kaxa aurkitzen da.
Bizikletentzat diseinaturiko kaxak egon badaude ere, hauek Kampalan aurkitzea ezinezkoa izan zaigu. Alternatiba: tamaina txikiagoko kartoi kaxak bildu eta zeloz lepo hornitu. Bihar eskulanak egitea tokatzen da!
172. eguna: Kampala (Logistika)
Sei urteko ikasketei zukua ateratzeko garaia iritsi da. Ingeniari sena atera dugu ahalik eta kaxarik sendoenak osatzeko eta bizikletetan kalteak ekiditeko. Badakigu zeinen zatar tratatzen duten ekipaia aireportuetan! Ordu batzuren buruan azken emaitza dugu parez pare. Ez dira kaxarik eleganteenak baina bai sendoak. Lortuko al dute bizikletak behar bezala babestea? Azterketa hegaldia bera izango da, gainditzeko adinako lana egin dugu baina… Ea irakasleak nola zuentzen duen!
173. eguna: Entebbe (Hegaldia)
Dokumentu eta logistika guztia ondo itxita dugula azaldu gara Entebbeko aireportura. Burokrazia eta logistikan egindako lanen parte bat soilik azaldu dugu artikulu honetan; izebergaren punta besterik ez alegia. Baina buruhauste dezente gehiago sortu dizkigu prozesu guzti honek, milaka xehetasun kontuan izan beharrak sortzen duen estresarekin. Garbi esanda, prozesu erabat desatsegina.
Aireportuan bertan ikusi dugu Afrika ekialdeko azken ilunabarra, beti bezain ederra. Egun guzti hauetan bizitakoa datorkigu gogora, baita ezagutu eta lagun egin ditugun pertsona guztiak ere; oroitzapen uholde batek hartu gaitu. Onak, zein ez hain onak, guztiak beharrezkoak. Harro gaude egiten ari garenarekin.