Kenyaz gozatzeko hilabete oso bat izan dugu. Nairobiko zalapartatik hasi, ekuatorean elurra zapaldu eta baserri giro lasaiean amaitu dugu familia eskuzabal eta atsegin batekin. Inoiz izan ditugun malda gogor eta luzeenak igo behar batetik bestera mugitzeko, sufritu bezainbeste gozaturikoak. Esperientzia aniztasun ikaragarria hilabete bakar baterako, ikasteko eta zer pentsatu izateko bizipen ugari.
Nekazari bizitza
Kenyakoa bakarrik ez, bidaia osoko esperientziarik gogoangarrienetarikoa izan da Iten herrian egin dugun astebeteko egonaldia. Nekazaritzatik bizirauten duen familia baten etxean izan gara, eta hasieratik izan dugun konexio onak lagunduta, bizi estilo honen inguruan asko ikasi dugu. Afrikako familia askoren sostengu nagusia nekazaritza dela entzun izan dugu sarritan, baina errealitate hau egonaldi honetan ezagutu dugu lehen eskutik.
Herrialde garatuetako makineria eta automatizaziotik urrun, esku lana da nagusi landa eremu hauetan. Hazia ereiteko lurra lantzetik, uzta jasotze bitarteko lan guztia eskuz egiten da, ureztatzea barne. Exigentzia fisiko altua eskatzen du makineria ezak, eta errepikakorrak diren lanetan denbora galera handiak automatizazio ezak. Errealitate honetara ohituta, pazientziaz hartzen dituzte eginkizun hauek eta egun osoa pasatzen dute baratzeko lanetan, gaua iristen den arte.
Familia honen kasuan uraren eskuragarritasuna ez da arazo bat, zorteko dira alde horretatik. Nekazari-familia guztiak ez dira abantaila honen jabe ordea. Gehiengoak euri uren dependentzia osoz antolatu behar dituzte uztak. Nahikoa zailtasun ez, eta klima aldaketaren eraginak ere pairatu behar izaten dituzte. Euri garaien errepikakortasuna galtzen ari da, eta horrez gain, lehorteak gogorragoak izaten dira. Klima aldrebeste honek buruhauste eta kalte ugari utzi ditu inguruko baratzetan. Familia baten sostengu nagusi edo bakarra baratza den kasuetan kalte hauen ondorioa larria da oso, gosea.
Guk bizi izan dugun familiaren kasuan, baratzetik ateratzen denaren parte bat etxeko otorduetan jaten dute, eta gainontzekoa berriz, bizilagunei edo herriko merkatuan saldu. Ateratako etekin txiki hauek etxeko oinarrizko beharrak asetzeko izaten dira: elektrizitatea edo higiene produktuak esate baterako. Kapritxoetarako ezer gutxi geratzen zaie, bizitza apala. Jan arazorik ez dute behintzat eta ez da gutxi!
Atxurra esku artera ekarri dugunean ezagutu dugu lan hauen gogortasuna. Ingeniaritza ikasketetatik atera berri, zaildu gabeko esku leun hauek babez josita bukatu dute!
Tribuen arteko ika-mikak
Aski ezagunak dira herri arteko pikeak Euskal Herrian. Jonek Ordizia eta Beasainen arteko makina bat pasarte eta adar jotze ezagutzen ditu adibidez, batzuk lehen eskutik gainera! Hemen ere antzeko ibiltzen dira, baina tribuen artean izaten dira ika-mikak. Kalenjin eta Kikuyu tribuen artekoa ezagutzeko aukera izan dugu.
Kalenjintarrak dira Iteneko familia kide guztiak, beraz, pentsatuko duzuen moduan, Kikuyuen inguruko ideia kaxkarrekin irten gara Kenyatik, beldur apur bat ere hartu diegu entzundakoaren ondoren! Hauen ezaugarri nagusia duten lapur sena omen da. Horrela dio esaera zaharrak: “Etxe edo taberna batean Kikuyu bat aurkitzen bada, zerbait faltako da egunaren amaieran”. Gu izandako familiaren etxean bertan telebista bat lapurtu omen zien Kikuyu batek duela urte batzuk.
Horrez gain, diruzale amorratuak omen dira eta senarra/emaztea hiltzeko gai ere bai interesek hala eskatzen badute. Hitz potoloak dira hauek, baina kasuren bat ezagutzen dutela baieztatu digute Kalenjintarrek.
Gatazka hau hauteskunde garaietan gordintzen omen da bereziki, odola isurtzera ere iristen direlarik. Sarraski handiak egon omen ziren azken bi hauteskundeen ondoren, batez ere Nairobiko kaleetan, hildako ugari. Datorren abuztuan dira hauteskundeak 5 urteren ondoren. Hauek ere beroak omen datoz…
Azken hauteskundeetan Kalenjintarrek eginiko astakeria bat ere onartu digute, lotsak hartuta erabat. 2007ko hauteskuneetan Kikuyu bat aukeratu zuten presidente, Kalenjintarrak sutu egin ziren emaitza hauekin eta sua bera erabili amorruaren eraginez. Iten herriko irakasle Kikuyutar baten etxea erre zuten goitik bera, Kikuyu izate hutsagatik. Herritarrek (Kalenjinak gehienak) aho batez gaitzetsi zuten eginikoa eta etxea berreraikitzeko laguntzak eman.
Etorkizun argiagoa eta baketsuagoa espero dute zorionez. Tanzaniako artikuluan aipatzen dugun bezala, tribuen arteko elkartasuna ematen ari da azken urteetan, eta denboraren poderioz, pike hauek historia izango dira, aitona-amonek bilobei kontatuta biziraungo dutenak urteetan zehar.
Naturaz gozatzen
Nairobiko zorabiotik atera ondoren naturak protagonismo berezia izan du Kenyako egonaldian. Aldapan gora, aldapan behera une oro. Zambiako lautaden aldean nekagarriagoa izan dela pentsatuko duzue, baina ez da horrela izan. Lautadaren monotonia gogorra izaten da guretzat, batez ere psikologikoki. Malda tartean murgiltzea fisikoki gogorragoa bada ere, dibertigarriagoa egiten zaigu. Izerdia gogotik bota dugu, hori bai!
Gehiengoa errepideetatik egin badugu ere, hauek trafiko gabekoak izan dira, oso isilak. Gainera, mendi bideek presentzia handia izan dute, gehien gustatzen zaiguna!
Afrikako luzeena den Rift harana eta Afrikako bigarren punturik altuena den Mount Kenyako parajeak gozatu ahal izan ditugu besteak beste. Bi paisaia guztiz ezberdin itxuraz, baina edertasun eta dotorezia berdinarekin.
Bestalde, bi alderdi guztiz ezberdin ezagutzeko aukera izaten ari gara: hiri handiak eta landa eremu edo naturaguneak. Ez dakigu jatorria Euskal Herrian dugulako den edo zer, baina naturarekin sentitzen dugun lotura estua nabarmena da. Hiriek estres, kutsadura eta zikinkeria sentsazioa transmititzen diguten bezala, naturak bakea eta garbitasuna. Etorkizun bateko bizilekua zein ingurutan izatea gustatuko litzaiguken argitu dugu dagoeneko!