150. eguna: Iten (deskantsua)
Itenera iritsi eta segituan, bertako gazte bat ezagutu genuen. Berriketan genbiltzala gure abenturaren nondik norakoak kontatu genizkion. Kanpina izanik bere osabaren etxean txoko bat egingo zigula esan eta han bukatu genuen atzoko eguna.
Gaurko eguna beraiekin pasa dugu. Baserrian egiten dituzten lanak ikusi, ahal den gauzetan lagundu eta, denetan garrantzitsuena, familia ezagutu dugu.
Azken hau ez da erraza izan, ordea. Familia handia da eta gutxienez 20 pertsona etorri dira gu agurtzera. Hau guztia tartean azaldu diren haurrak kontuan izan gabe. Ia helduak baino gehiago izan dira. Eromena izan da. Ea izen guztiak ikasten ditugun behintzat!
151. eguna: Iten (deskantsua)
Aurreko artikuluan aipatzen dugun moduan (147-149 egunak: Aniztasun handiko egunak), korrikalarien entrenamendu bitxiak ikusteko asmoz etorri gara Itenera. Herrikoei galdetu ostean jakin dugu hitzordua astearte eta ostegunetan goizeko bederatzietan izaten dela.
Ezin izan diogu zitari hutsik egin eta goizean goiz gerturatu gara. Pixkanaka azaldu dira korrikalariak. Esanda ziguten moduan 50etik gora. Urduritasuna sentitu dugu, izan ere, munduko korrikalari onenen artean gaude.
Bizikletaz gerturatzea erabaki dugu, badaezpada. Korrikalariak azkarrak direnez, ikusikzunaz gozatzeko aukera bakarra bizikleta gainetik dela pentsatu dugu. Eta eskerrak… Dagoeneko Afrikan 5000 kilometrotik gora eginda izan arren, kosta egin zaigu korrikalariei jarraitzea. Hori da sasoia!
152. eguna: Iten (deskantsua)
Gaur zita garrantzitsu bat izan dugu. Iritsi ginen egunetik familiako aitak, Andrewk, herrian dituen lur batzuk erakutsi nahi izan dizkigu. Gaurko planik ez egiteko agindu zigun, eguna berarekin pasatzea nahi du eta.
Bere ibilgailu ofizialean, moto zahar batean, hirurok eseri eta bista turistikoarekin hasi gara. Eguna beldur apur batekin pasa dugula onartu behar dugu. Kontua da, duela bi urte izan zuen istripu batean eskua galdu zuela. Hau dela eta, motorra esku bakarrarekin gidatzen du.
Jakina den moduan, motorra abiarazteko bi eskuak behar dira, ordea. Ezkerrekoa enbragearentzat eta eskuinekoa azeleragailuarentzat. Segituan ikusi dugu bi urtetako praktika duela. Dantzarien moduan, besoa eta eskua espazio-denbora tarte zehatz batean sinkronizatuz, abiarazi du motorra. Esku bakarrarekin motoa gidatu daitekeela erakutsi digu!
Tartean, eskapada txiki bat ere izan dugu. Beldurtu egin garela ikustean, esku honetan gaudela esan eta lasai egoteko agindu digu. Ez dakigu esandako hitz jokoaz jabetu den, baina, barrezka hasi gara.
153. eguna: Iten (deskantsua)
Asteartean, entrenamendua ikusi eta gero, arantza txiki bat geratu zitzaigun sartuta gorputzean. Bizikletaren laguntzarekin korrikalariei jarraitzea lortu genuen. Baina, atleta hauen gaitasuna azalean sentitu nahi badugu, taldearekin batera korrika egiten saiatu behar dugu.
Zapatiletako lokarriak ondo lotu, beroketa saio txiki bat egin eta lotsa apur batekin hurbildu gara korrikalariengana. Hirugarren kilometrora iritsi aurretik utzi gaitu artaldeak atzean. Eskerrak geratu garen, nekearen nekeaz ia bihotza ahotik atera zaigu eta.
Aurretik, egiten zuten lana miresten bagenuen, etorkizunean etxeko sofatik lasterketak beste modu batean ikusiko ditugu, zalantzarik gabe!
154. eguna: Iten (deskantsua)
Tanzaniara sartu ginenean jaki berri bat gehitu genuen gure dieta Afrikarrean. Txapati izena duen talo moduko bat. Orduz geroztik, ezin izan diogu ezetz esan eta ia egunero jan dugun jaki bat izan da. Alde negatibo bat badu, ordea. Olio askorekin prestatzen dute. Hau dela eta, batzuetan tripako minen erruduna izan dela susmatu dugu. Hain da goxoa, hau jakin arren, ezin izan diogula ezetz esan eta dietaren parte izaten jarraitu du.
Gaur afaltzeko Mercik, familiako alabak, kozinatu egingo dituela esan digu. Ederra izan da prestaketan laguntzea. Etxera itzultzean familiakoei eta lagunei sukaldatuko dizkiegu. Ea berak bezain goxoak egitea lortzen dugun!
155. eguna: Iten (deskantsua)
Itenen lagun zahar batekin elkartu gara. Behin baino gehiagotan blogean protagonista izan den Cory! Norbaitek ezagutzen ez badu, Zanzibar uhartean ezagutu genuen kanadar txirrindulari profesionala da.
Duela pare bat aste, Tanzanian entrenatzen zebilela, kalpar batek buruan hozka egin eta gaixoaldi luze bat pasa du. Oraindik guztiz indartu gabe egon arren, Itenera etorri da. Herri hau, 2500 metrotan aurkitzen denez, kirolari profesionalentzat leku aproposa da entrenatzeko. Altuera honetan oxigeno gutxiago dago eta horregatik, gorputzak odolean globulu gorri gehiago sortzen ditu, errendimendua hobetuz.
Indarberritu ondoren, hiru aste pasako ditu Itenen entrenatzen. Munduko txapelketa maiatzean du Italian eta entrenamendu mota hau ondo etorriko zaiola kontatu digu. Arratsalde bat baino gehiago igaro dugu berarekin kontu kontari.