Geuretik Sortuak ekimenetik jaio den 'Bost teilatu' filma, gaur ikusgai Biterin

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 26a, 00:00

Martxoak 31ean Leitzan ospatu zen aurre estreinaldian, sortzaile eta ekoizleek parte hartu ahal izan zuten

Bost film laburrek osatzen dute, eta Euskal Herriko bost udalerrietan kokatzen dira. Horietako bat, 'Arnasa' filma, Raul Barrerasek Hernanin bertan grabatutakoa da. 80 minutuko iraupena dauka 'Bost teilatu' filmak, eta 19:00etan Biterin ikusteko aukera izango da. 

Azken hilabeteetan, Geuretik Sortuak proiektuaren parte diren hainbat emanaldi aurkeztu dira herrian: Tanttaka teatroaren Sexberdinak; Oier Zuñigaren Eresia; Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Bidaide; eta Lore More antzerki taldearen Trapu zikiñak; eta 16 idazleren narrazioekin osatutako Hamazazpigarrenean aidanez ipuin-bilduma. 

Globalizazioa eta espainiar eta frantziar estatuen «ahalbide ugariak» direla eta, «atzerriko hizkuntzetan oinarritutako kultura nagusitzen ari da gizartean», dio Udalbiltzak, Geuretik Sortuak ekimenaren bultzatzaileak. Horren ondorioz, euskeraz egindako arteari «kalte» egiten ari zaio, eta egoera horri erantzuteko asmoz sortu da Geuretik Sortuak proiektua. Ekimenaren helburu nagusia da, euskera hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala sortzea.

Oraingo honetan, Geuretik sortuak ekimenaren eskutik, Bost teilatu filma ikusi ahal izango dute hernaniarrek. Gaur arratsaldean jarriko dute, 19:00etan hasita, Biteri kultur etxean. Ez da sarrerarik edo gonbidapenik beharko, sarrera librea baita. Bost film laburrek osatzen dute Bost teilatu, eta lotura estua dauka Hernanirekin. Izan ere, herrian bertan grabatu zuten film bat dago tartean: Raul Barreras Karrantzako zinegileak zuzendutako Arnasa filma.

15 urtetik gorakoentzat zuzenduta dago Bost teilatu, eta filmaren ostean, Raul Barrerasen eskutik aurkezpen solasaldiaren txanda iritsiko da.


Bost film labur ikusgai, gaur

Film laburren sorta honek, Euskal Herriko bost udalerri ezberdinetan garatu eta errodatu diren lanak biltzen ditu: Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak zuzendutako Krak pieza, Tafallan grabatu zuten; Raul Barrerasen Arnasa, Hernanin; Josu Martinezen Hitzak, Baigorrin; Leire Egañaren Erlojupekoa, Galdakaon; eta Eñaut Castagneten Muga, Beran eta Lesakan.

Doluan zentratutako drama fantastikoa da Krak, Kamikaz kolektiboko Gaztañaga eta Olaizolak zuzendutakoa; eurak ere aktore moduan agertzen dira. Bertan, bi bizilagunen arteko konexioa erakusten dute, bakoitzaren etxeko animalien bitartez. Ondoren, Arnasa izango da ikusgai, Kliska Filmakeko Raul Barrerasek zuzendutako film laburra. Hernanin grabatua dago, eta Eneko Sagardoy eta Zorion Egileor dira antzezleak. Basoan galdutako baserri batean bizi diren aitona eta biloba baten istorioan oinarritzen da filma, azken hau hiritik itzulia, aitona bere azkeneko egunetan zaintzeko. Bien arteko konexioa era ederrean azaltzen da filmean, identitate sexuala ardatz hartuta.

Gastibeltza Filmakek ekoitzia da Josu Martinezen Hitzak pieza. Zinegileak 60ko hamarkadan kokatu du filma, eta lurperatutako pospolo kaxetan euskerazko hitzak topatzen dituen Michelle du protagonista, Paristik itzulitako euskalduna. Birak Produkzioakeko Leire Egañak zuzendutako Erlojupekoa da hurrengoa, umorearen bitartez kritika sozial eraginkorra egiten duen laburra: janaria banatzeko misioa duen rider batek (Lore Nekane Billalebeitia aktoreak), bereak eta bi ikusiko ditu helmugara iristeko, Galdakaotik barrena ibiliz.

Muga da filma osatzen duen azken laburra. Castagnetek zuzendua da, Gastibeltzak eta Mirokutanak ekoitzia. Honetan, Kamaru afrikar gazteak Espainiako estatutik Frantziarako muga zeharkatu nahi du eta, bien bitartean, mugatik gertu dagoen herri batean dago gotortuta, baserritar baten laguntzaz (Kandido Uranga).

 

«Herriko baserritarrek esandakoak txertatu ditut filmaren gidoian»

Joan den urteko azaroan aurkeztu zuten Geuretik Sortuak ekimena Hernanin, eta bertan izan zen Raul Barreras ere, bere proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Zinegile karrantzarrak 2021eko maiatzean hasi zuen egonaldia Hernanin, Arnasa film laburra prestatzeko; eta herriko baserritarrekin aritu zen solasean: «beraiekin hitz egin nuen, eta haiek esandakoak txertatu nituen film laburraren gidoian». Erreferentziak, beraz, hernaniarren eskutik jaso zituen; eta aktore protagonistak ere, bertakoak izatea nahi zuen, baina hori ezin izan zuen lortu. Dena den, hernaniarrek ere hartu dute parte filmean, protagonista ez izan arren. Kokalekua, berriz, Onddi mendi magaleko baserri bat izan da. Bertan grabatu dute Arnasa filma. 

 

Aurre estreinaldia, Leitzan

Martxoaren 31ean, bost film laburren bildumaren aurre estreinaldia egin zuten, Leitzako herri aretoan. Bertan bildu ziren bost film laburretako zuzendari, ekoizle eta taldeko beste hainbat langile; bilduma osoa muntatu eta kohesioa eman dion Adabaki ekoiztetxea; filmaren abesti nagusia egin duen Ibil Bedi taldea; eta Udalbiltzako eta Leitzako Udaleko ordezkariak.

Aurre estreinaldiaren ostean, Leitzako Udalak gonbidatuta, kafea eta txokolatea hartu ahal izan zuten bertaratu zirenek. Horrela, lanaz eta esperientziaz hitz egin ahal izan zuten, jaten zuten bitartean.

 

Emanaldia, sorterri guztietan ikusgai 

Bost teilatu filma, Geuretik Sortuak proiektuan parte hartu duten udalerri guztietan egongo da ikusgai. Aurreneko geltokia Zestoan izan zuen, eta bertan, Gaztañagak eta Olaizolak euren esperientziaren berri eman zuten. Eta hortik aurrera, beste hogeita bost geldialdi izango ditu lan honek. Emanaldi bakoitzean, zinegile desberdin bat izango da bertan, proiektuaren eta filmaren nondik norakoak azaltzeko eta bertaratuen galderei erantzuteko. 

Datozen egunetan, Bost teilatu emanaldia Gipuzkoa eta Nafarroako zenbait udalerritan aurkeztuko da. Apirilaren 28an Leitzan jarriko dute, eta apirilaren 30ean Antzuolan; bi horietan, Hernanin bezala, Raul Barreras egongo da. Maiatzaren 4an, Atarrabian eskainiko dute, Eñaut Castagnet bertan dela. Maiatzaren 8an, Amancay Gaztañagaren bisitarekin aurkeztuko dute Oiartzunen. Eta maiatzaren 12an Oñatin izango da ikusgai, Leire Egaña zuzendariarekin. Bost teilatu filmaren kasuan bezala, Euskal Herriko txoko askotan eskainiko dituzte Geuretik Sortuak proiektuko gainerako lanak ere.

Udalerri bakoitzeko emanaldien datak ikusgai daude, udalbiltza.eus webgunean, Proiektuak atalean, Geuretik Sortuak ekimeneko agendan. Udalbiltzaren sare sozialetan ere emango dute horien berri.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!