Euskadiko Kopan laugarren postua lortu dute Hernaniko bi taldeek

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 26a, 00:00

Hernaniko neskak, baloi zaila altxa nahian, aurreko partidu batean.

Launa partidu gogor jokatu zituzten neska eta mutil seniorrek, eta semifinaletara iristea lortu zuten, Gasteizen.

Boleibol denboraldia borobiltzeko, Euskadiko Kopa jokatu zuten larunbatean Gasteizen; eta bertan izan ziren Hernaniko bi talde nagusiak ere. Txapelketa polita osatu zuten, egun bakarrean zazpi partidu gogor jokatuta; eta laugarren postua lortu zuten bi taldeek.

Neska seniorrek, nagusitasunez irabazi zioten aurreneko partidua, Navarvoley taldeari (25-7 eta 25-16). Horrela, B multzoko finala jokatu zuten Sestao La Benedictaren kontra. 2-0 irabazi zuten hori ere (25-19 eta 25-21), eta multzoko aurreneko postua lortuta, semifinaletara sailkatu ziren. Udapa Jatorkide izan zuten aurrez aurre orduan, finalerako txartelaren bila. Baina talde gasteiztarra zen faborito, eta ez zuen hutsik egin (13-25 eta 18-25); berak irabazi zuen finala, gero. Hortaz, hirugarren posturako lehian aritu zen Hernani, CV Sestao indartsuaren kontra; eta partidu parekatuan, bizkaitarrak 1-2 nagusitu ziren azkenean (17-25, 25-23 eta 11-15). Horrela, laugarren bukatu zuten hernaniarrek, 10 talderen arteko txapelketa.

Partidu zaila izan zuten mutil seniorrek, hasteko, Navarvoley talde indartsuaren kontra. Baina maila ederrean aritu ziren hernaniarrak, eta 2-1 irabazi zuten (23-25, 26-24 eta 15-11). Lehenengo partidua gogorra izan bazen, ez zen errazagoa izan bigarrena, Euskal Ligako txapeldunaren kon­tra; eta 2-0 nagusitu zen Sestao (20-25 eta 19-25), multzoko au­rreneko postua eta finalerako pasea eskuratzeko. Multzoko bigarren izan zen Hernani, eta horrela, Koparen hirugarren posturako lehian aritu zen. Etxeko taldea izan zuen kontrario, Udapa Jatorkide, eta gasteiztarrak nagusitu ziren (15-25 eta 17-25). Horrela, zazpi talderen artean laugarren sailkatu ziren hernaniarrak. Galdakao izan zen txapeldun.

Laugarren postuarekin gustura bukatu zuten bi taldeek, eta udarako denboraldia prestatzen hasiko dira orain. Irailera bitarte, hondartzako boleibolak hartuko du protagonismoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!