Euskadiko Txapelketa irabazi du Hernaniko neska kadeteen batelak, Sestaon erakustaldia emanda

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 26a, 00:00

Neska infantil, kadete eta jubenilak, Hernanin, kadeteek Euskadiko Txapelketan lortutako banderarekin.

Larunbateko kanporaketa eta igandeko finala irabazi zuten hernaniarrek, Euskadiko Batel Txapelketan, bandera eskuratzeko. Neska jubenilak bigarren izan ziren kontsolazio txandan, eta haur mailako neskak laugarren.

Sekulako batel denboraldia daramakite Hernaniko neska kadeteek, eta beste koxka bat gehitu diote garaipen pilari, asteburu honetan. Koxka haundi bat, gainera: Euskadiko Batel Txapelketa irabazi dute Sestaon, erakustaldia emanda.

Larunbatean ekin zioten txapelketari, kanporaketekin, Hernaniko bost batelek: neska zein mutil infantilak, neska zein mutil kadeteak, eta neska jubenilak. Maila polita erakutsi zuten denek, eta hiru batelek egin zuten aurrera, igandeko jardunaldira. Finalera sailkatu ziren neska kadeteak (7:31), kanporaketa irabazita, ia 10 segunduren aldea lortuta Tolosaldearekin. Eta neska infantilak eta jubenilak, kontsolazio txandara sailkatu ziren: zortzigarren izan ziren infantilak (5:35), eta seigarren jubenilak (10:25). Mutil kadeteak zein infantilak, berriz, 10garren sailkatu ziren. Kadeteak kontsolazio txandan sartzetik gertu izan ziren (7:26), segundu bakarrera. Infantilei (5:25), berriz, zazpi segundura geratu zitzaien langa.

 

Kanporaketan baino estuago, baina bandera Hernanira

Igandean jokatu zituzten finalak eta kontsolazio txandak, sailkatutako batelek. Eta neska kadeteetan, bezperan baino estuagoa izan zen lehia, finalean. Bezperan baino lau segundu gehiago behar izan zituen Hernanik (7:35), eta aldiz, bi segundu azkarrago aritu zen Tolosaldea. Edonola ere, ia hiru segunduren aldearekin nagusitu zen Hernani, asteburu osoko erakustaldia borobildu eta bandera herrira ekartzeko. Orain, Espainiako Txapelketan ariko dira, datorren asteburuan, etxetik gertu: Pasai Donibanen.

Neska jubenilek bezperan lortutako postua errepikatu zuten, eta bigarren izan ziren kontsolazio txandan (10:48). Eta berdin egin zuten neska infantilek ere, kontsolazio txandan laugarren sailkatuz (5:23), bezperan lortutako denbora hobetuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!