Izenematea gaurtik zabalik, kaleko jolasetarako eta karta jokoetarako

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 25a, 00:00

Emakume bat tokan jokatzen, 2019ko San Juan Txapelketan.

Maiatzaren 4ra arte apuntatu daiteke, Goiz Eguzkiko San Juan Txapelketan. Hilaren 9an hasiko da.

Bueltan izango da aurten, Goiz Eguzkin, San Juan Txapelketa. Kaleko jolasek eta karta jokoek hartuko dute jubilatuen egoitza, datozen asteotan. Zortzi txapelketa ezberdin izango dira, guztira. Karta jokoei dagokienez, jokatuko dituzte mus, tute, eskoba eta puntto txapelketak. Eta kaleko jolasetan, botean, igel-tokan, tokan eta dardoetan ariko dira.

Txapelketa guztietarako, gaur zabalduko dute izena emateko epea, eta maiatzaren 4ra arte izango da aukera, Goiz Eguzkin, ohiko bulego ordutegian.

Karta jokoak maiatzean, eta kaleko jolasak ekainean

Maiatzaren 9an hasiko da San Juan Txapelketa, eta karta jokoekin ekingo diote. Mus txapelketa izango da aurrenekoa, maiatzaren 9an, 11n eta 13an jokatuko dutena. Ondoren, tute txapelketa jokatuko dute, maiatzaren 16an, 18an eta 20an. Beste hiru egunetan ariko dira eskoban, hilaren 23an, 25ean eta 27an. Eta puntto txapelketa izango dute azkenik, maiatzaren 30ean eta ekainaren 1ean eta 3an.

Kaleko jolas guztiak, berriz, egun berdinetan jokatuko dituzte, eta ekainean izango dira, hilaren 6an, 8an eta 10ean. Hiru egun horietan ariko dira botean, igel-tokan, tokan eta dardoetan, Goiz Eguzkiko kanpoaldean.

Hori horrela, irabazleak zein diren jakina izango da, San Joan jaietara iristerako. Eta orduan izango dute hurrengo hitzordua: jaietako ospakizunen barruan egingo dute sari banaketa, Goiz Eguzkin bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!