Euriaren baimenarekin, gaur arratsaldean hasiko da Tilos 7 Pasa txapelketa, lau partidu jokatuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 25a, 00:00

Pala txapelketa herrikoiena bueltan izango da gaur, Tilosetako frontoian.

Arratsaldeko 17:45etan hasiko dira partiduak, Tilosetako frontoian. Ligaxkarekin ekingo diote, eta lau partidu jokatuko dira egunero, astelehenetik ostegunera, maiatzaren bukaerara arte. Kanporaketak izango dira ekainean.

Aurreko asteko euri zaparradak atzean utzi, eta eguraldi atseginagoa espero da gaurko. Eta horrekin, osagai guztiak izango ditu Tilos 7 Pasa pala txapelketak, bere 11garren edizioari hasiera emateko. Gaur arratsaldean ekingo diote, lau partidurekin.

Ohi bezala, lau kategoriatan ariko dira partehartzaileak, 67 bikote guztira: lehenengo mailan bederatzi bikote, nesken txapelketan lau bikote, bigarren mailan 36 bikote, eta txapelketa herrikoiean 18 bikote.

Gaurkoan, bigarren mailakoak izango dira aurreneko hiru partiduak: hasteko, 17:45etan, Bittor eta Markel, Kerejetaren eta Garziaren kontra; ondoren, 18:30etan, Irazustabarrena eta Ruiz, Arregiren eta Urreagaren kontra; eta azkenik, 19:15etan, Agirre eta Manterola, Diazen eta Zelaiaren kontra. Gaurko laugarren partidua, txapelketa herrikoikoa izango da, 20:00etan hasita: Urigoitia eta Pagoaga, Erdoziatarren kontra.

Ligaxka, ekainaren 1era arte

Multzotan banatuta, ligaxkan ekingo diote txapelketari, bikote guztiek. Ekainaren 1era arte izango da hori, eta tarte horretan, egunero izango dira lau partidu, astelehenetik ostegunera, 17:45etan hasita. Hortik aurrera, kanporaketei ekingo diete sailkatutako bikoteek, ekainean: final zortzirenak, final laurdenak, semifinalak eta finalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!