Bi kontzentrazio egingo dituzte etxez etxeko laguntza zerbitzuan ari diren Euleneko langileek, asteartean

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 24a, 00:00

Etxez etxeko langile zerbitzuko langileak, DYAren aurrean kontzentratuta.

Mobilizazioak hasi dituzte Hernaniko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek: «ez dugu limosnarik nahi, KPIa lotuta izango duen gutxieneko hitzarmen bat nahi dugu. Egunero borrokatzen dugu prekarietatearen kontra».

LAB sindikatuak deituta, mobilizazioak hasi dituzte Hernaniko etxez etxeko laguntza zerbitzuan ari diren Euleneko langileek, «gure lan eskubideen alde». Bi kontzentrazio egin dituzte dagoeneko, eta beste bi egingo dituzte datorren asteartean: aurrenekoa udaletxe aurrean, 14:00etan; eta bigarrena DYAren aurrean, 16:30etan.

«Ez dugu limosnarik nahi, KPIa lotuta izango duen gutxieneko hitzarmen bat nahi dugu», aldarrikatu dute etxez etxeko zerbitzuko langileek: «egunero borrokatzen dugu prekarietatearen kontra, lanaldi egonkorrik ez daukagu, eta oro har, kontratuan aurreikusita dauzkagun lanaldiak ez dira bermatzen». Horregatik, zaintza lanak aitortzea eskatu dute, eta nabarmendu dute, «zerbitzu publikoko lan bat» burutzen dutela «azpikontraten bitartez». Elkartasuna be­har dutela azpimarratu dute, zaintza «denon ardura» delako.

Ildo beretik aritu da LAB sindikatua ere: «etxez etxeko laguntza zerbitzua, beste gizarte zerbitzu asko bezala, publikoa izan arren azpikontrata bidez kudeatzen da, eta langileen lan baldintzak hobetzeko saiakeran zailtasun haundiak izaten dira. Eulen enpresarekin gatazkan gaude, hitzarmenaren negoziazioaren harira, KPIa bermatzen ez duen hitzarmenik ez dugulako onartzen, eta enpresaren aldetik ez dagoelako mugimendurik, hori konpontzeko».

Horregatik, LABek dio «zerbitzu honen berezitasunak» lan­­gileak behartzen dituela «egunerokotasunean prekarietatearen kontra borrokatzera, kontratuan dituzten lanaldiak ez direlako bermatzen, arrazoi desberdinengatik». Eta sindikatuak adierazi du, ez duela onartuko, «pandemia garaian beste asko bezala ezinbestekoak izan diren langile hauek, berriro ere baztertu eta ahaztea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!