Euskadiko Boleibol Kopa jokatuko dute bi talde nagusiek gaur, Gasteizen

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 23a, 00:00

Gaur jokatuko dira kantxako azken partiduak.

Gaurko partiduekin amaiera emango zaie kantxako partiduei, laster hondartzako bolei denboraldia hasteko. 

Aste Santuko atsedenaldiaren ostean, motorrak berotuta datoz Hernaniko boleibol taldeak. Gaur, Gasteizeko Aranalde kiroldegian jokatuko dira Euskadiko Boleibol kopak, eta Hernaniko Euskal Ligako taldeek ez dute hutsik egingo. Bertan izango dira, Hernaniko neska nagusiak eta mutil nagusiak, eta lehen fasea gainditzeko ez dituzte aurkari ahulak izango, hala ere, ziur dena emateko prest egongo direla hernaniarrak. Neskek goizeko 11:00etan izango dute norgehiagoka, eta Navarvoley taldea izango dute aurkaria. Ondoren Sestao eta Lekeitio izango dituzte aurkari B multzoan. Hau gaindituz gero, Vialki Udapa Jatorkide, Bera Bera edo Elaxalde taldeen aurka neurtu beharko dituzte indarrak. 

Mutilen kasuan, B multzoan, Navarboleiren aurka jokatu beharko dute Hernaniko gazteek, eguerdiko 13:00etan. Jarraian, aurtengo txapelduna izango dute aurrez aurre: Sestao. Beraz, bide zaila izango bada ere, aukerak badaude, eta azken fasean Galdakaorekin, Bera Berarekin edo Udapa Jatorkiderekin aurkitu daitezke. 

 

Kantxako partiduak amaituta 

Gaur jokatuko diren partiduak, kantxan jokatuko diren azken partiduak izango dira. Hala ere, hondartzako boleibolaren denboraldia prestatzen hasiko dira herriko hainbat jokalari. Horrez gain, larunbat honetan, Hernaniko kiroldegian, lagun arteko partidua jokatuko da goizeko 11:00etan, hala, Nafarroako Unibertsitatearen bisita jasoko dute hernaniarrek. 

Amaitzeko, aste osoan zehar burutu diren teknifikazio saioei amaiera emango zaie. Bertan infantil eta kadete neska-mutilek hartu dute parte, eta bataz beste, 40ek izan dute aukera teknika hobetzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!