Kontseilu Sozialistak hitzaldia eta eskualde mailako mobilizazioa antolatu ditu, langileen egunaren harira

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 22a, 00:00

Joan den urtean, Kontseilu Sozialistak, maiatzak 1erako antolatu zuen mobilizazioa

Apirilak 29rako, hitzaldia antolatu du Kontseilu Sozialistak arratsaldeko 18:00etarako, gaztetxean. Maiatzak 1ean, berriz, eskualde mailako mobilizazioaren txanda izango da, arratsaldeko 18:00etan, Gudarien Plazan.

Geroz eta gertuago dago langileen eguna, eta hori dela eta, Kontseilu Sozialistak Buruntzaldean antolatu dituzten ekintzak aurkeztu ditu: mobilizazioa eta hitzaldia. Bi ekintza hauen bidez, «langileria eguna aldarrikatzearen garrantzia erakutsi nahi dute, krisi kapitalista honetan».

Langile eguneko mobilizazioarekin batera, gizartea bizitzen ari den garai gogorra salatu nahi dute: prezioen gorakada, askatasun eza, langabezia eta aldi baterako lanaldiak, soldata bajuak eta abar. 

 

Langileen eguna aldarrikatuz

Maiatzak 1aren harira antolatu dituzten bi ekintzak, bi egun desberdinetan egingo dira. Lehenengo, hitzaldiaren txanda izango da, apirilak 29an, arratsaldeko 18:00etan. Hernaniko Kontrakantxa gaztetxean izango da  mintzaldia, eta bertan, gizartea bizitzen ari den krisi kapitalistaren analisiaz gain, estrategia sozialistaren nondik-morakoez arituko dira, Jose Castillo eta Manex Gurrutxaga gonbidatuak.

Langileen egunean berriz, Euskal Herriko beste 18 herritan bezala, arratsaldeko 18:00etan eskualde mailako mobilizazioa antolatu du Kontseilu Sozialistak, Hernaniko Gudarien plazan. 'Kapitalismoaren krisi garaian sozialismoa eraikitzen' lelopean aterako dira kalera. Langileen eguna probestu nahi dute, hurregon helburuekin: langileria iraultzailearen memoria gogorarazteko, egungo proletalgoa borrokara deitzeko eta Kontseilu Sozialistak ezagutzera emateko.

Bi ekintza horien berri emanez, Kontseilu Sozialistak herritarrei parte hartzeko gonbitea zabaldu nahi die, aletxoa jartzera animatuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!