'Album' antzezlanak hartuko du apirilaren 28an, Biteriko oholtza

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 22a, 00:00

Intza Alkain, Edurne Azkarate, Mikel Ibarguren izango dira antzezleak.

Sarrerak 8 euro balio du, eta 25 urtetik beherako gazteek gonbidapena lortu dezakete Haur eta Gazteria Sailean. 

Apirilaren 28rako gazteei zuzendutako antzerkia eskainiko du Formol Laborategiak, Gazteria sailak antolatuta. Arratsaldeko 19:30etan emango zaio hasiera Album izeneko antzezlanari, Biterin. Oholtza gainera igoko diren antzezleak izango dira Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibarguren. 

Publiko orori zuzendutako antzerkia da, baina gazteei bereziki, hain zuzen, «gazteez eta euren belaunaldiaz hausnartzen baitu lanak. Joan den milurtearen amaieran jaiotakoen gaitegia euskal antzerkira ekartzea du xede obrak, gaur egungo gazteriaren kezkak plazaratzearekin batera». Antzerkian galdera ugari botako dituzte antzezleek, besteak beste: «Zer egiten du ostruka batek arrainontzi batean? Ba al dago denon bistan egon eta ezkutatzea baino gauza miserableagorik? Derrigorrezkoa al da belaunaldi bat hiltzea hura omendu ahal izateko? Asko hitz egin izan da gazteoi buruz. Millennialok oinordetzan hartutako erantzukizunak kudeatu ezinean gabiltzanaren diagnosia jaso dugu. Ondorengo hitzekin definituak izan gara: infantilak, prekarioak, frustrazioari intoleranteak, grinarik gabeak, bizitzan galduak, gainformatuak. Ados, sintomatologia guzti hori geure gainean zamatuko dugu. Gure belaunaldiaren etiketen jabe bihurtuko gara. Baina zer daukagu guk esateko? Zer espero da gutaz? Nor gara gu?». 

 

Sarrerak eta gonbidapenak 

Sarrerak 8 euro balio du eta eskuratu daiteke kultura.hernani.eus webgunean, edo Biteriko leihatilan. 25 urtetik beherakoek gonbidapena lortzeko aukera dute Haur eta Gazteria Sailean (Aristizabal, 7), ordutegi honetan: 09:00etatik 14:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!