Sierra de Alcarazeko maratoia irabazi du Eva Esnaolak, Albaceten

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 20a, 00:00

Eva Esnaola, podiumean, txapeldunaren sariarekin.

Hernaniarrak 3:42:43 denboran osatu zuen 42 kilometroko ibilbidea, larunbatean San Pedro herrian.

Urrutira joan da Eva Esnaola hernaniarra, oporraldian, lasterketa berezi bat egitera: Sierra de Alcarazeko Mega Race lasterketan hartu zuen parte, Albaceteko San Pedro herrian. Zehazki, maratoia egin zuen Esnaolak, eta sari potoloenarekin bueltatu zen, gainera: bera izan zen aurreneko emakumezkoa, 3:42:43 denboran osatuta 42,195 kilometroko ibilbidea. Proba bukatu zuten 58 partehartzaileen artean, bosgarren helmugaratu zen hernaniarra.

Ez da ohiko lasterketa, Sierra de Alcarazekoa. Izan ere, bertako bide berdean barrena egiten dute, Baeza eta Utiel herrien arteko trenbide zaharraren bidean, inoiz bukatu ez zutena. Hori horrela, paisaje berezi bezain ederretan barrena egiten dute lasterketa, San Pedro herrian hasi eta bukatuta, sei distantzia ezberdinekin: maratoi erdia, maratoia, 80,5 kilometroko proba, 161 kilometrokoa, 241 kilometrokoa eta 321 kilometrokoa. Taldeka, bikoteka zein bakarka egin daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!