Furgobaratzak bisita gaur, tomateari buruzko tailerrarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 19a, 00:00

Hernaniko Baratze Parkean izango da, arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara, eta tomate landareei buruzko aholkuak emango ditu bertan.

Hernaniko Baratze Parkera bisita egingo du Furgobaratzak, gaur arratsaldean, Ekoguneak eta Hernaniko Udalak antolatuta. Arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara egongo da bertan, eta tomateari buruzko tailerra eskainiko diete bertaratuei.

Zehazki, aditzera emango diz­kiete kontutan hartu beharrekoak, tomate landareak osasuntsu edukitzeko: landaketa distantzia, zaintza, tratamenduak... Eta aurreratu dutenez, tomate landareak oparituko dituzte.

Hilero bisita bana egiten du Furgobaratzak, Gipuzkoako Sareko Baratze Parkeetara, aholkuak eman, zalantzak argitu, arazoei erantzun eta praktika egokiak proposatzeko. Tarteka, tailerrak ere egiten dituzte, urteko sasoiari lotutako gai bat lantzeko; eta horixe da gaurkoan egingo dutena. Doakoa da Furgobaratzaren zerbitzua.

Ekoguneko Baratze Parkean lursaila eskatzeko aukera, maiatzaren 31ra arte

Gipuzkoako 23 Baratze Parkeetako bat da Hernanikoa; eta Ekogunean bertan dago beste bat, Chillida Leku ondoan. 152 partzela dauzka, eta hain justu, orain zabaldu dute epea, bertan lursaila eskatzeko: maiatzaren 31ra arte dago aukera. Autokon­tsumorako baratzezaintza eko­lo­gikoa lantzeko dira, eta alokairuan ematen dituzte partzelak, lau urterako kontratuarekin. Ur­tero, gutxienez 30 partzela jartzen dituzte eskatzaile berrientzat, eta beraz, itxarote poltsa osatuko du Ekoguneak, orain izena ematen dutenekin. 

Lursaila eskatu ahal izateko, beharrezkoa da Hernanin, Lasarte-Orian edo Donostian erroldatuta egotea, eta hiru herri horietan baratzezaintzarako egokia den lursailik ez izatea, jabetzan, usufruktuan edo alokairuan. Bizikidetza unitate bereko pertsona batek baino gehiagok eskatu dezake, baina kide bati lursaila tokatu bezain laster, gainerako kideak itxarote poltsatik kanpo geratuko dira.

Hiru lursail mota ezberdin daude, tamainaren arabera: 30, 60 eta 90 metro karratukoak. 30eko lursailaren prezioa 19 eurokoa da hilean; 60 metro karratukoarena 31 eurokoa hilean; eta 90eko lursailarena 43 eurokoa hilean. Gainera, lursail egokituak ere badaude: jardinera altuak, behar bereziak dituztenentzat. Horien prezioa 12 eurokoa da hilean. Kutxabankeko bezeroek deskontua daukate, guztietan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!