Euskal Errepublika aldarrikatzeko ekitaldia ospatuko da Azpeitian

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 18a, 00:00

Hernaniko Udalak aldarrikatu zuen Euskal Errepublika 1931n.

Gaur duela 91 urte Euskal Errepublika aldarrikatu zuen Hernaniko Udalak mozio baten bitartez aho batez, beste hainbat udalerritan bezala.

Gaurko egunez, duela 91 urte, Hernaniko Udalak, aho batez, Euskal Errepublika bat aldarrikatu zuen mozio baten bitartez. Espainiako Errepublika ezarri eta lau egun geroago egin zuen Hernaniko Udalak aldarrikapen hori, 1931ko apirilaren 18an, garai hartako zinegotzi guztien adostasunarekin.

Hernanikoa ez zen kasu isolatua izan, 1931ko apirilean Euskal Herriko beste udal askok ere (Azpeitia, Orio, Zestoa, Zumaia, Bermeo, Bergara, Errenteria, Markina...., besteak beste) Euskal Errepublika bat eskatu zutelako Euskal Herriarentzat.

«Gure historia hurbileko pasarte ezezagun hori gogorarazteko, eta Euskal Errepublikaren beharra gaur egun ere aldarrikatzeko», Naziogintza Taldeak (www.naziogintza.eus) ekitaldi ireki bat ospatuko du maiatzaren 7an, Azpeitiko Herriko Plazan (12:00etan). Azpeitiarrak, hernaniarrak, eta Euskal Herriko herritar guztiak gonbidatuta daude. «Izan zirelako gara, garelako izango dira».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!