Zilarra eta brontzea hernaniarrek, Euskadikoan eta Gipuzkoakoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 15a, 00:00

Lide Labaka podiumean, zilarrezko dominarekin, Gipuzkoako txapelketan.

Asteburuan, domina lortu zuten Oier Arrutik, Gaizka Izagirrek, Lide Labakak, Enara Kerejetak eta Lur Oconek. 

Joan den larunbatean, Iraupen luzeko Euskadiko Txapelketa izan zen Durangon. Oier Arruti eta Gaizka Izagirre atleta hernaniarrek parte hartu zuten txapelketan, eta bikain aritu ziren biak. Hain zuzen, zilarra lortu zuten biek, bakoitzak bere kategorian. 16 urtez azpikoetan, 3.000 metroko proban, 9:54.68ko denbora egin zuen Arrutik. Izagirrek, berriz, 20 urtez azpikoetan, 5.000 metroko proban, 15:59.81eko denbora osatu zuen. 

Bestalde, alebinen eta infantilen Gipuzkoako Txapelketa izan zen Irunen, joan den igandean. Denera, 25 atleta hernaniarrek osatu zituzten probak, eta infantiletan, hiruk lortu zuten domina. Lide Labakak, 1.000 metroko oztopo proban, 4:21.41eko emaitza lortu zuen. Enara Kerejetak, berriz, 500 metrokoan, 1:22.99 denborarekin, hirugarren postuan amaitu zuen txapelketa. Azkenik, Lur Oconek 3:17.07ko denbora egin zuen 1.000 metroko proban, brontzezko domina lortuz.  

 

Txernobylgo haurren aldeko lasterketako emaitzak

Igandean, Txernobylgo haurren aldeko lasterketak izan ziren Sagastialdeko pistan. Emakumezkoetan, hauexek izan ziren lehenengo hiru sailkatuak: Iosune Alberdi (18:06), Lorena Salvatierra (20:20) eta Sonia Mangas (20:52). Gizonezkoetan, berriz, lehenengo hiru sailkatuek marka bera lortu zuten, izan ere, 14 minututan osatu zuten ibilbidea. Hauexek izan ziren podiumera igo ziren korrikalariak: Sergio Roman, Aimar Sukunza eta Ibai Alba. Azkenik, umeen lasterketan, 600 metroko ibilbidean, hauexek izan ziren podiumera igo ziren korrikalariak: Amaiur Arandilla (2:05), Ane Santxo Guerrero (2:09) eta Aiheko Gonzalez (2:14).

Txernobylgo haurren aldeko lasterketa igandean, atletismo pistan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!