Bi ekintza Pakita Studioan, etxeko txikientzat eta gaztetxoentzat, Aste Santuko oporretarako

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 15a, 00:00

Marrazki lehiaketa martxan da dagoeneko, eta ipuin kontaketa hilaren 23an izango da, Pakita Studioan. Saioak doakoak dira, baina izena eman behar da.

Aste Santuko oporretan gaude dagoeneko, eta Uxue Bereziartua Berexik aisialdian ondo pasatzeko, gozatzeko eta sormena lantzeko ekintzak proposatu dizkie etxeko txikienei eta gaztetxoei. Zehazki, marrazki lehiaketa eta ipuin kontaketa saioa prestatu ditu, eta marrazki lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago dagoeneko. Jarduerak doakoak eta publikoak dira, baina ipuin kontaketaren kasuan, aurreratu dute beharrezkoa izango dela aurretik izena ematea.

 

 Marrazki lehiaketa, martxan

«Opor garai honetarako, gaztetxoenei sorkuntzarako aitzakia eman nahi diegu», kontatu du Berexik marrazki lehiaketari buruzko xehetasunak azaltzean. 5-12 urte  arteko haurrentzat antolatutako ekintza da, eta bi kategoria izango dira. Lehenengoa, 5 eta 8 urte bitarteko haurrentzat da eta bigarrena, berriz, 9 eta 12 urte bitartekoentzat. Gaia poza da, eta lanak aurkezteko epea apirilaren 29an bukatuko da. Sarituak, aipatu dutenez, hilaren 30ean jakinaraziko dira. Horrekin batera, lanak aurkezteko bi modu daude: batetik, eskura, Pakita Studioan, denda irekita dagoen ordutegian edo, bestela, atean dagoen buzoian utzita; bestetik, online bidali daiteke marrazkia, kalitate altuan. Kategoria bakoitzean saritu bat egongo da eta Pakita Studioko produktu sorta jasoko dute.

Bestalde, ipuin kontaketari dagokionez, apirilaren 23an izango da, Amesgile Argitaletxearen eskutik. «Betzaidak berak idatzitako ipuinak kontatuko dizkigu», aipatu du Berexik. Izena emateko, idatzi p.kitastudio@gmail.com helbide elektronikora. Ekintza horretarako, bi txanda egingo dituzte: lehena, 2-3 urteko haurrentzat izango da, 11:00etatik 11:30etara; bigarrena,  berriz, 4 urtetik gorako haurrentzat bideratuko dute, 12:00etatik 13:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!