Sahatsa Jauregiren 'Aizkora' erakusketa ikusgai dago Bilbon

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 14a, 00:00

Sahatsa Jauregik erakusketa jarri du Bilbon.

Apirilaren 24ra arte egongo da Azkuna Zentroan, eta ikerketak abiapuntu du eskultura-konfigurazio bat.

Sahatsa Jauregi artista hernaniarrak Aizkora proiektuaren lan-prozesua aurkeztu zuen martxoan, Bilboko Azkuna zentroan, eta Lantegia 2 espazioan egongo da ikusgai apirilaren 24ra arte. Lana da ibilbide bat, hurbilen dagoen imajinario kolektiboan aizkoraren irudiak sortu dituen irudikapen ugarietatik.

Jose Ramon eta Jose Antonio Jauregiren laguntza izan du Sahatsak; aizkoragilea da lehena eta teknologiako irakaslea, berriz, bigarrena. 

2021eko sorkuntzari laguntzeko programaren barruan sartuta, Sahatsa Jauregiren ikerketak eskultura-konfigurazio bat du abiapuntu, artisau-aizkoren berezko ekoizpen-moduekin hitz egiten duena.

Aizkora «geldialdi bat ere bada denboran, eta, hala, bide emango du bilduko diren materialen bilduma bateratu ahal izateko, horiek lagungarriak izango baitira aizkora objektua ulertzeko, hainbat ezagutza-esparrutan diharduen esanahien hartzaile gisa», azaldu du sortzaileak.

Aizkora erakusketak elkarrizketa formatua hartuko duen etena proposatuko du. Eten horretan, Miren Jaio arte kritikari eta ikerlaria Sahatsa Jauregi artistarekin jardun zen, apirilaren 7an, erakusketaren bueltan sortu diren materialen gainean. 

Hauxe da ordutegia: asteartetik ostiralera, 16:00­­­­­etatik 20:00etara; larunbatean, aldiz, 11:00etatik 20:00etara; igandean; 11:00etatik 15:00etara. Astelehenetan itxita dago apirilaren 18an salbu, eta 11:00etatik 15:00etara izango da. Sarrera doakoa da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!