«Aukera eman ziguten une zirraragarriak berpizteko»

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 14a, 00:00

Zikuñagako ermitaren inaugurazio ekitaldia.

Zikuñagako Baseliza berreraikitzeko talde sustatzaileak «poza eta esker ona» adierazi ditu, inaugurazioan bizitako sentimenduengatik.

Zikuñagako ermitaren inaugurazio egunean partekatu zituzten sentimenduak azaleratu dituzte Zikuñagako baseliza berreraikitzeko talde sustatzaileko kideek. «Lehenik eta behin, poza eta esker ona», diote. 

Une hunkigarriz betetako eguna izan zen. «Batetik, helduentzat, aspaldiko ametsa betea ikusi dutelako eta ezin izan dietelako malkoei eutsi. Eta, bestetik, baita gazteenentzat ere».

«Kontraste askoren topagunea izan zen. Jende heterogeneoaren arteko topaketa, adinari, pentsamenduari, sinesmenari eta abarri dagokienez. Hala ere, Zikuñagaren Ama, gazte unibertsitario baten esanetan, gure paisaian zegoen absentzia edo hutsunea, bizirik dago Hernaniko herriaren bihotzean eta ariman, gizarte-zirkulu mugatuetatik haratago», diote oharrean.

Hori guztia lortu da «herri honen memoria historikoa berreskuratzeko egindako ahaleginen ondorioz», diote. «Eta ez bakarrik atzera begira jarrita, antzinakoa zutik mantentzeko baizik, eta baita Hernaniren nortasun-ezaugarrietako bati balioa emateko ere».

Martxoaren 26a, inaugurazio eguna, «erromesaldi bihurtu zen. Oinez, ahal zuenak, eta garraioan, igotzeko zailtasunak zituenak. Eta, antzina bezala, erromeria giroan ospatzeko aukera izan genuen».

Ekitaldiaren hasieran, «Amaren irudia zekarten eramaileek eta Udal Bandaren eta Abesbatzen musika-doinuek, ospakizunean zehar bezala, une zirraragarriak berpizteko aukera eman ziguten».

Arratsaldeko eguzki distiratsuak «kolorez jantzi zuen Orkolagako muinoan bere aniztasunean bildutako jendetza. Agerikoa zen elkar arteko komunikazioa eta denon alaitasuna», deskribatu dute kideek. 

«Zikuñaga inguruko auzokoen eta Txirrindulari Taldearen lore eskaintzak, Zikuñagaren Amari eskainitako ereserkiek bezalaxe, hiriko zaindariarekiko maitasun eta deboziozko adierazpenak azaleratu zituzten. Eta, horrenbestez, arratsaldean zehar egin ziren ekitaldiek lagundu zuten bildu zirenen arteko loturak estutzen Amaren aurrean, nortasun erlijioso edo/eta herrikoiaren ezaugarria sendotuz», azaldu dute sustatzaileek.

 

«Ezinezkoa, hainbat eragileren gogoa uztartu izan ez balira»

Baina hori guztia, diote, «ezinezkoa izango litzateke hainbat eta hainbat eragile eta gogo uztartu izan ez balira, proiektu fisiko (ermita) eta sozial (Hernaniko bizilagunak) gauzatzeko, bertako erakundeek eta gizataldeek emandako bultzadari esker».

Hasteko eta behin, diote, «Zikuñagako bizilagunek dute errua, eragiketa honen guztiaren jatorrian daudelako. Aspalditik mantendu dute bizirik Zikuñagako Ama Birjinaren oroimena, eta egun jakin batean parrokia gonbidatu zuten iraileko urteroko festara. Irudiaren eta ermitaren argazki zaharra duen horma-irudi haundi bat dago Auzo Elkartearen lokal ondoko arkupeetan. Memoria bizirik mantentzearen testigantza grafikoa islatzen du. Hala egin du, halaber, irudi-bila eta ermita berreraikitzeko premiatzen aritu den Jarraipen Batzordeak ere».

Bestalde, «Zikuñagako Txirrindulari Taldeak auzi hau kamisetetan zabaldu du. Eta Zikuñagako Paper-fabrikak, berriz, mundura hedatu du ermitaren logotipoa, enpresako jardueraren ikur bezala hartuz».

Horregatik guztiagatik, eskerrak eman dizkiete guztiei, eta banan-banan, aintzatespena plazaratu diete:

- «Sindi Santiagori eta Gorka Asiaini, beren trebetasuna eta lan ona erakutsi izan dutelako historia honetako hainbat etapatan, lapurtutako eta desagertutako Amaren irudia berreskuratzeko eta erreskatatzeko zereginean».

- «Urteetan buru-belarri lanean aritu diren Zikuñagako auzotarrei. Eta, inaugurazioko jardunaldian, lan eskerga eta profesionaltasuna egiten jakin izan dutelako antolaketa eta koordinazio lanetan».

- «Bihotzez eskerrak ematen dizkiegu Udal Bandari eta abesbatzei, maisuki parte hartu izan dutelako egun horretako ekitaldian beren borondate eta prestasunagatik».

- «Eskerrak ematen dizkiogu Foru Aldundiari Proiektua interes sozialekotzat jotzeagatik eta Udalari aho batez berresteagatik».

- «Esker ona helarazten diegu bertsolari, trikitilari eta Sagardogileen Elkarteari eta, jakina, bertako prentsari».

- «Eta, azkenik, aitortu behar dugu ermita ez litzatekeela bideragarria gertatuko Zikuñagako Paper-fabrikaren babes eta ekarpen ekonomikorik izango ez bagenu. Esan beharra dago, egiaren izenean, ermita zaharra eraitsi ondoren, bai Papelerak bai Donostiako Gotzaindegiak, batera, Hernaniko Udalaren aurrean ermita berreraikitzeko konpromisoa hartu zutela. Eta zentzu horretan, hitzari leial eutsi dio, eta proaktibo eta eskuzabal agertu da azkeneraino sortu diren premien aurrean. Bere laguntza ezinbestekoa izan da. Horregatik guztiagatik, agur bero bat eta eskerrak ematen dizkiegu Zuzendaritzari eta Enpresako ordezkariei», borobildu dute testua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!